Ekainaren 11n hasiko dituzte sanantonioak Errezilen, Domusa Teknikekoek txupinazoa botata

Nerea Uranga 2026ko maiatzaren 28a

Iaz Errezilgo sanantonioetan herri afaria. (Utzitakoa)

Ekainaren 11tik 14ra ospatuko dituzte festak Errezilen, adin eta gustu guztientzako ekitaldiekin. Festa Batzordeak ohartarazi duenez, herri afarirako eta sagardo eta pintxo dastaketarako txartelak erosteko azkenengo eguna ekainaren 9a izango da. Jaietako kamisetak, berriz, bihartik aurrera salduko dituzte Borondegin.

Errezilgo sanantonioetarako egitaraua prestatu du Festa Batzordeak. Ekainaren 11tik 14ra ospatuko dituzte jaiak Errezilen, adin eta gustu guztietako herritarrentzako ekitaldiekin. Azken urteetan ez bezala, arratsaldez botako dute aurten sanantonioak hasteko txupinazoa; ekainaren 11n, ostegunez, botako dute jaiak hasteko suziria 20:00etan Domusa Teknik-ekoek; izan ere, aurten lantegiaren sorreraren 50 urteurrena ospatzen ari dira. Txupinazoa girotzeko, aurretik ume jolasak eta pintxo potea egingo dituzte Errezilen.

Festetako egitaraua iragartzearekin batera, ekainaren 12ko herri afarirako eta ekainaren 13ko sagardo eta pintxo dastaketarako txartelak salgai jarri dituztela jakinarazi du Errezilgo Festa Batzordeak. Txartelak erosteko epea ekainaren 9a artekoa izango da. Bestalde, jaietako kamisetak bihar, ostirala, jarriko dituzte saltzen Borondegin, eta festetako ostiralean herritarrak kamisetak janztera animatu ditu Festa Batzordeak.

Egitaraua:

Ekainak 11, osteguna.

  • 16.30. Ume jolasak.
  • 19:00. Pintxo potea.
  • 20:00. Txupinazoa. Domusa Teknik-ekoen eskutik. 

Ekainak 12, ostirala.

  • 18:30. Ikasturte bukaerako trikiti jaialdia.
  • 20:00. Gaztetxoen dantza emanaldia.
  • 21:00. Herri afaria, Guraso Elkarteak eskainita.
  • 00:00. Txinga txapelketa.
  • Ondoren, Itzal taldearekin dantzaldia.
  • Ondoren, Bull DJa, Borondegin.
  • 07:00. Gaupaseroen argazkia. 

Ekainak 13, larunbata. San Antonio Eguna.

  • 11:00. Meza, San Antonio baselizan.
  • 11:30. Erraldoiekin kalejira Beheko plazatik, Lidia eta Itzeder trikitilariek girotuta.
  • Ondoren, hamaiketakoa.
  • 17:00. Umeentzat skate ikuskizuna, eskolako jolastokian.
  • 18:00. Triki-bertso poteoa: Maddi Ane Txoperena eta Andoni Egaña bertsolariekin eta Lidia eta Itzeder trikitilariekin.
  • 20:30. Sagardo eta pintxo dastaketa, Euskal Parrillaren eskutik.
  • 23:00. Iratzar taldea. 

Ekainak 14, igandea.

  • 12:00. Umeen pilota partidak.
  • 18:00. Pala txapelketako finalak. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide