Energiaren Euskal Erakundeak 2030 urtera bitartean "lehentasunez" jardungo duen eremuen dokumentua aurkeztu zuen atzo Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak. Dokumentu horrek jasota duen planaren barruan, besteak beste, "parke eolikoak egiteko bideragarriak diren guneak" zehaztu dituzte, eta horietako bi Urola Kosta eskualdean daude; gune bat Errezileko lurretan zehaztuta dago eta beste bat Errezil, Bidania-Goiatz eta Beizama artean.
Energia eolikoa nahiz fotovoltaikoa sortzeko instalazio handien hedapen antolaturako plana osatu dutela esan zuen atzo Jauregik. "Urrats horrekin, Euskadik bikoiztuko egingo luke energia berriztagarria sortzeko duen gaitasuna, bere autonomia energetikorantz aurrera egiteko. Helburua hornidura segurtasun handiagoa, industria lehiakortasuna eta gizarte ongizatea bermatzea da", azaldu zuen sailburuak, eta gaineratu zuen urrats horri esker, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak "bikoiztu" egingo dutela energia berriztagarria sortzeko duen gaitasuna.
Jaurlaritzak Energiaren Euskal Erakundearen bitartez eta lankidetza publiko-pribatuarekin "garapen fotovoltaiko eta eoliko handien aldeko apustua" egingo du, eta 2030era arte 80 milioi euro inbertitzea aurreikusi du industri bazkideekin batera. "Proiektu eoliko eta fotovoltaiko horiekin 450 MW sortzea aurreikusi da, eta 2030era arte autokontsumoan iragarrita dauden 300 MWak gehituta, bikoiztu egingo da berezko elektrizitate sorkuntzaren ratioa, % 7,9tik % 15eraino", azaldu zuen atzo sailburuak.
Dokumentuan aurreikusi dituzten eguzki energiako eta energia eolikoko 11 "planta handiak" honakoak direla aurreikusi du EEEk: Araban, Ekian 3 (24 MW), Vitoria Solar 2 (35 MW), Vitoria Solar 1 (35 MW), Lantaron (50 MW), Ekienea (108 MW), Labraza (40 MW) eta Azazeta (40 MW); Gipuzkoa eta Araba bitartean, Aramaio-Leintz Gatzaga parkea (35 MW); Gipuzkoan, Elgea-Urkilla (59 MW) berrindartzea; eta Bizkaian, Bilboko portuaren instalazioa (8 MW) eta beste proiektu bat (10 MW) indartzea. Proiektu handi horiez gainera, parke eolikoak nahiz fotovoltaikoak eraikitzeko beste hainbat "gune bideragarri" aurreikusi dituzte eta horien artean daude Errezilen eremu bat eta Errezil, Bidania-Goiatz eta Beizama artean beste eremu bat.
Finergeren Beizamarako asmoa
2024. urtearen bukaeran, Portugalgo Finerge enpresak Beizaman eta Bidania-Goiatzen bederatzi haize errotako parke eolikoa eraikitzeko asmoa azaldu zuen. Saitec aholkularitza enpresaren bidez aurkeztu zuen Finergek proiektuaren aurrerapen txostena bi herri horietako udaletan. Beizamari dagokionez, hango lurretan 45-50 MWko potentzia izango luketen 229,5 metroko sei haize errota eraikitzeko asmoa du enpresak; gainerako hirurak, Bidania-Goiatzen kokatuko lituzkete.
Proposamena jaso ostean, Beizamako Udala parke eolikoaren enpresa sustatzailearekin bildu zen, eta segidan oharra kaleratu zuen udalak, parke eolikoak herrian eragingo lituzkeen kalteak zerrendatuz eta proiektuaren aurkako "jarrera irmoa" adieraziz. Energia Berriztagarrien Lurraldeko Plan Sektorialari aurkeztutako alegazioak ere azaldu zizkien udalak proiektuaren sustatzaileei, eta "Beizamako eremua proiektutik kanpo uzteko ahalegin oro" egingo zutela azaldu zieten. "Beizaman urteak daramatzagu despopulazioaren aurka eta lurralde orekaren alde borrokan. Akordio garrantzitsuak lortu ditugu Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailarekin eta Etorlur foru sozietatearekin, zerbitzuak ere garatu ditugu gure baliabideen neurrian, eta proiektu amankomun baten inguruan elkartutako komunitate bat osatu dugu. Gure iritziz, landa garapenerako eta lurralde orekarako politikak egitateekin frogatu behar dira, eta proiektu hau atzera botata egin daiteke hori", azaldu zuen udalak kaleratutako oharrean.
