Beizamako Udala Finerge enpresak hango lurretan eraiki nahi duen parke eolikoaren aurka agertu da

Iraia Oteiza 2025ko urt. 8a, 08:00

Proiektuaren enpresa sustatzaileekin duela aste batzuk egindako bileraren ondoren, oharra kaleratu du Beizamako Udalak, parke eolikoak herrian eragingo lituzkeen kalteak zerrendatuz eta proiektuaren aurkako jarrera irmoa adieraziz.

Portugalgo Finerge enpresak bederatzi haize errotako parke eolikoa eraikitzeko asmoa du Beizamako eta Bidania-Goiazko lurretan. Hori horrela, Finergek proiektuaren aurrerapen txostena aurkeztu zuen joan den azaroan bi herri horietako udaletan, Saitec aholkularitza enpresaren bidez. Beizamari dagokionez, hango lurretan 45-50 MWko potentzia izango luketen 229,5 metroko sei haize errota eraikitzeko asmoa du enpresak; gainerako hirurak, Bidania-Goiatzen kokatuko lituzkete. Enpresa sustatzaileekin egindako bileratik aste batzuk igaro direnean, Beizamako Udalak oharra kaleratu du, parke eolikoak herrian eragingo lituzkeen kalteak zerrendatuz eta proiektuaren aurkako jarrera irmoa adieraziz.

Bi udaletan aurkeztutako txostenaren arabera, Beizamako etxe batzuek oso hurbil izango lituzkete haize errotak, Aginamendi auzotik 300 bat metrora, eta herriko erdigunetik 700 metrora, horietako batzuk ekialdera begira. Ondorioz, kokapen horiek mantenduko balira, eguneko aurreneko orduetan errotek Beizamako herrigunean itzala egingo luketela adierazi du udalak, eta kezka azaldu du hain gertu izango lituzketen erroten zarataren eta uhinen eraginaren inguruan.

Zentralera sartzeko nahiz parkearen barruan zirkulatzeko, berriz, zortzi kilometroko errepide sarea eraikitzea jasotzen du proiektuak. Guztira, "arrain-hezur” itxurako sei errepide eraikiko lituzkete parkearen barruan, "gaur egun nekazaritza, abeltzaintza eta baso ustiategietarako erabiltzen diren lurrak urbanizatuz". Beizamako Udalaren arabera, bide horietan barrena "pieza erraldoiak" garraiatu beharko dituztela jasotzen du proiektuaren aurrerapen dokumentuak, eta "lanek kamioien zein makinen mugimendu handia ekarriko lukete horretarako egokia ez den gune batera, herriko biztanleen mugikortasuna eta gutxieneko zerbitzuen irisgarritasuna asko mugatuz".

Era berean, lan horiek guztiek Beizamako azpiegitura hidrauliko nagusia hornitzen duten lurpeko akuiferoei kalte egingo dietela uste du udalak. "Zer gertatuko litzateke akuiferoetan proiektuak eragindako lur mugimendu eta indusketa guztiekin? Gogoratu beharra dago Beizamako urek elikatzen dutela gehienbat Ibai Eder urtegia, baina hark ez duela Beizama hornitzen", adierazi du oharrean.

Amaitzeko, Beizamako Udalaren arabera, Finerge eta Saitek enpresekin azaroan egin zuten bilera hartan enpresa sustatzaileek adierazi zieten proiektuaren administrazio izapidetzea "oraindik hasi gabe zegoela". Halaber, asmo hori garatu ahal izateko, aldez aurretik Energia Berriztagarrien Plan Sektoriala behin betiko onartu beharko litzateke, baina udalak salatu duenez, "plan hori erredaktatu duen enpresa berberak idatzi du Beizaman eta Bidania-Goiatzen egin nahi duten parke eolikoaren txostena ere; hau da, Saitec aholkularitzak".

"Aurkako jarrera argia"

Beizamako Udalak argitu duenez, bi enpresa sustatzaileekin egindako bileran udal ordezkariek "argi eta garbi" azaldu zuten parke eolikoaren aurkako jarrera. Era berean, Energia Berriztagarrien Lurraldeko Plan Sektorialari aurkeztutako alegazioak ere azaldu zizkieten haiei, eta "Beizamako eremua proiektutik kanpo uzteko ahalegin oro" egingo zutela azaldu zieten. "Beizaman urteak daramatzagu despopulazioaren aurka eta lurralde orekaren alde borrokan. Akordio garrantzitsuak lortu ditugu Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailarekin eta Etorlur foru sozietatearekin, zerbitzuak ere garatu ditugu gure baliabideen neurrian, eta proiektu amankomun baten inguruan elkartutako komunitate bat osatu dugu. Gure iritziz, landa garapenerako eta lurralde orekarako politikak egitateekin frogatu behar dira, eta proiektu hau atzera botata egin daiteke hori", azaldu du udalak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide