Beizaman eta Bidania-Goiatzen bederatzi haize errotako parke eolikoa eraikitzeko asmoa du Finerge enpresak

Andoni Elduaien 2024ko abe. 11a, 10:48

Beizamarako sarrera.

45-50 MWko potentzia duten 229,5 metroko bederatzi haize errota jarri nahi ditu Portugalgo enpresak bi herri horietan. Horrez gain, parke eolikora iristeko nahiz bere barruan zirkulatzeko sei errepide eraiki nahi ditu, eta kasu horretan, Errezili ere eragingo lioke proiektuak. Saitec aholkularitza enpresaren bidez aurkeztu du Finergek proiektuaren aurrerapena bi udaletan.

Portugalgo Finerge enpresak bederatzi haize errotako parke eolikoa eraikitzeko asmoa du Beizaman eta Bidania-Goiatzen. Sañu Bizirik plataformak Gukari bideratu dion txostenaren arabera, Saitec aholkularitza enpresaren bidez aurkeztu du Finergek proiektuaren aurrerapen txostena bi herri horietako udaletan. Beizamari dagokionez, hango lurretan 45-50 MWko potentzia izango luketen 229,5 metroko sei haize errota eraikitzeko asmoa du enpresak; gainerako hirurak, Bidania-Goiatzen kokatuko lituzkete.

Udaletan aurkeztutako txostenaren arabera, parke eolikoa bitan banatuko lukete; izan ere, goi-tentsioko linea elektrikoa igarotzen da gaur-gaurkoz lur horietatik. Nolanahi ere, zentralari buruzko xehetasun gehiago ere jaso dituzte txostenean, hala nola errota batetik besterako distantzia eta bakartutako etxeekiko nahiz errepidearekiko tartea. Dokumentuaren arabera, etxe batzuek oso hurbil izango lituzkete errotak; 300 metroko distantzia gorde dute etxebizitzekiko, baina haize errota bakoitzaren altuera 229,5 metrokoa dela kontuan izanda, oso gertu izango lituzkete etxeek eolikoak. Errepidea ere gertu izango luke errotetako batek, 344 metrora, hain zuzen. Erroten arteko distantzia laburrena, berriz, 652 metrokoa litzateke.

Errepideak, plataformak eta sarea

Zentralera sartzeko nahiz parkearen barruan zirkulatzeko, zortzi kilometroko errepide sarea eraikitzea jasotzen du proiektuak. Guztira, "arrain-hezur” itxurako sei errepide eraikiko lituzkete parkearen barruan. Eolikoak kokatzeko hautatu duten lurretarako sarrera GI-3720 errepidetik egitea proposatu du enpresak, Azpeitiko Nuarbe auzotik Albizturko Santutxo auzora, Beizamatik barrena.

Haize errota bakoitzak 200 metroko asfaltozko plataforma bat izango luke; izan ere, haize errotak eraikitzeko, batetik, obretarako garabiak jarriko lituzkete plataforma horietan, eta bestetik, kamioiek maniobrak egin ahal izatea bermatuko lukete.

Lurpeko hiru zirkuituren bidez egingo lukete energia elektrikoaren hornidura, eta hura Redeiako azpiestaziora, Azpeitira, bideratuko lukete. Enpresak jakinarazi duenez, linea elektrikoaren ebakuazio lineak Errezil, Azpeitia eta Zestoako udalerriei eragiten die.

Enpresak gogorarazi du proiektuak ingurumen inpaktuaren ebaluazio prozeduraren derrigorrezko izapidetzea beharko duela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide