Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen, eta oro hark, trikiti munduaren omenaldia jaso dute San Jose egunez Joakin eta Mailu Sudupe Egurrola anai-arrebek eta Joxe Mari Arrizabalaga Sakristaua trikitilariek. Soreasu antzokian egin dute gaur, osteguna, San Jose egunaren bueltan egin ohi duten jaialdiaren 36. aldia, eta han omendu dituzte Azkoitiko Martirieta auzoko hiru lagunak.
Trikiti zaharraren eta berriaren uztartzetik ondu dute 36. Azpeitiko Sanjosetako Trikiti Jaialdia; izan ere, belaunaldi eta giro desberdinetako trikitilariak igo dira gaur Soreasuko agertoki gainera; hori bai, ia denak Urola Kosta eskualdekoak. Laxaro Azkunek egin ditu aurkezle lanak, eta haren ahotsera banan-banan azaldu dira jendaurrean taldeak, batzuk ilara luzeagoa osatu dutenak eta besteak motzagoak. Nolanahi ere, trikiti jaialdi biribila izan da gaurkoa, honako talde hauen guztien eskutik: Trikipote; Sahatseta, Antsorregi eta Larrañaga; Trikilintxo; Xabier Etxaniz eta Uxue Kerejeta; Azkoitiko gazteak; Izer eta Alabier; Imuntzo, Beloki, Jauregi eta Jokin Sudupe Egurrola; eta Iker Allur, Axier Garate Txibilter, Itzeder, Lidia eta Ander.
Sanjosetako trikiti jaialdian parte hartzaileek trikiti piezekin nabarmendu ohi dute omenduen ibilbidea, eta gaur ere asko izan dira hiru martirietarrek utzitako arrastoa azpimarratu nahi izan dutenak. Hiru omenduei, eta nola ez, Martirietako auzoari eskainitako letrak eta piezak jo dituzte agertoki gainera igo diren musikariek, baina baita beste errepertorio batekoak ere, Soreasun bildutako trikiti zaleak kantan jartzeko lain izan direnak.
Jaialdiaren amaieran, aurrez hitza emanda bezala, Egurrola anai-arrebak eta Sakristaua agertokira igo dira. Jendaurrean azaldu orduko jaso dute, baina, eguneko lehen sorpresa; hiru senitartekok aurreskua dantzatu diete, Lurdes Alkortak soinua jotzen zuen bitartean. Omenaldiari dantzan ekin diote, eta hura amaitu orduko, Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko eta Azpeitiko Udaleko ordezkariek oroigarriak eta txapelak eman dizkiete omenduei; gaurko hiru protagonisten etxekoei, berriz, lore sorta bana.
Astean zehar hitza emanak ziren, eta ekitaldia agurtu aurretik bi pieza jo dituzte hiruren artean. Dena den, Mailu Sudupek bertso bat abestu du aurrena; besteak beste, falta direnak gogoan izanda aurrera egiteko adierazi du hark. Soinuak eta panderoa eskuetan hartu orduko erakutsi dituzte hiru martirietarrek haiek astintzeko dituzten gaitasunak. Ordea, lehen doinuak jo orduko jaso dute omenduek bigarren ezustekoa: Joakin Suduperen bilobak eta iloba bat harmailetatik altxatu eta agertokira igo dira panderoekin laguntzera, eta agertokiaren ertzetik batu zaie haiei Jokin semea.
Bi pieza joko zituztela agindu zuten omenduek, baina hiru izan dira, azkenean. Jaialdian parte hartu duten soinu eta pandero jotzaile guztiak batu zaizkie hirugarrenari ekin eta berehala, eta guztien artean borobildu dute jaialdiaren amaiera. Gaurkoak zerbait agerian utzi badu, Urola bailaran eta inguruetan gauzatu den trikitiaren transmisioa da. Zahar, heldu, gazte eta haur, guztiek bukaeran atera duten talde argazkia da horren lekuko, jaialdia bera izan den moduan.