Elkarrizketak

Omenaldia, trikitiaren ondarea etxetik jaso zuten martirietarrei

Andoni Elduaien - Maialen Etxaniz 2026ko martxoaren 19a

Trikiti munduak Joakin eta Mailu 'Egurrola' anai-arrebak eta Joxe Mari Arrizabalaga 'Sakristaua' trikitilariak omenduko ditu gaur, 36. Azpeitiko Sanjosetako Trikiti Jaialdian. Soreasu antzokia leporaino beteko da hiru martirietarren omenaldirako.

Azkoitiko Martirieta auzoan trikitia erlijio bat bailitza da, sakratua. Etxez etxe entzun izan dira soinua eta panderoa, kasik baserri bakoitzetik atera dira soinua eta panderoa abilezia handiz astintzeko gai diren lagunak. Erromerian, festan, bazkalosteko egonaldietan... Trikitiak ez du inoiz hutsik egin auzo horretan. Eta giro horretan hazi ziren Joakin eta Mailu Sudupe Egurrola anai-arrebak eta Joxe Mari Arrizabalaga Sakristaua.

Urte luzez erromeriak, plazak eta auzo giroko festak alaitu ondoren, hiru lagun horiek trikiti munduaren aitortza jasoko dute gaur Azpeitiko Soreasu antzokian, 17:30ean, 36. Azpeitiko Sanjosetako Trikiti Jaialdian. Omenaldiarekin ez dute soilik haien ibilbidea aitortuko, Martirietako trikitiaren muina ere erdigunean jarriko dute eta. Jasoko duten omenaldia ezustean iritsi zaie hirurei, baina, era berean, poz handiz hartu dute berria. "Sorpresaz jaso nuen albistea, ez bainuen uste halakorik merezi genuenik", adierazi du Joakinek. Sakristauak aitortu du eguna gerturatu ahala urduritasuna agertzen hasi zaiela, baina ilusioz bizi dutela momentua.

Hiru protagonistek auzoan eta etxean jasotako zaletasunari esker egin zituzten lehen urratsak trikiti munduan. Joakinek eta Mailuk aitari zor diote trikitiarekiko lotura. Joakinek etxean jaso zuen lehen soinua, eta hortik abiatu zen bere bidea. "Aita feria batera joan zen egun batean Laxaro Larrañaga osabak eman zion soinu bat aitari. Semeren batek ikasiko zuela esan omen zion hark. Orduantxe hasi nintzen ni soinuarekin trebatzen. Saiatu nintzen soinua jotzen irakatsiko zidan norbait bilatzen, baina ez nuen lortu". Mailu arrebak, berriz, panderoari heldu behar izan zion halabeharrez. "Orduan emakumeok ez genuen soinua eskuetan hartzerik izaten; nire anaia honen soinua ukitzerik ere ez nuen izaten. Hala, aitaren panderoa hartu eta neure kasa ikasi nuen jotzen". Sakristaua, berriz, Martirietako plazakoa da, eta hura izan zuen musikan trebatzeko eskola nagusia. Igandero egiten ziren erromeriek piztu zioten hari zaletasuna. Lajari erosi zion soinua 16 urterekin, eta Zendoiarekin trebatzen arituta, bere bidea urratu zuen gerora.

Ezkerretik eskuinera, Sakristaua, Mailu eta Joakin. (Maialen Etxaniz)

Joakinek eta Sakristauak erromeriaz erromeria igaro zituzten gaztetako urteak, garai hartan trikitia zuten-eta festa giroaren erdigunea. Egurrolak makina bat lekutan jo zuen soinuarekin, hainbat musikarirekin batera. Porrutxorekin ibili zen hastapenetan, eta gero Juan Ezenarro Berastegi zenarekin ere bai. Epelderekin ere txoko ugari alaitutakoa da hura: "Zarauzko Euskal Jaietara joanez 50 urte igaro nituen nik, esaterako". Sakristauak Errezil, Zelatun edo Martirieta izan ditu jarduteko lekuak. Ordea, Santa eskean, oilasko biltzeetan edota bazkalosteetan ohikoa zen hari soinu txikia eskuetan ikustea.

Mailuren ibilbidea, bestelakoa izan zen; izan ere, garai hartako egoerak ez ziren errazak izan ohi emakumeentzat. Nolanahi ere, gaztetatik bizi izan zituen hark ere oholtzako esperientziak. Donostiako Trinitate plazan jokatutako trikiti txapelketa batean jo zuen hark lehen aldiz jendaurrean, 13 urte besterik ez zituela. "Primi Erostarbe eta biok ginen bakarrik emakumeak. Lotsatuta ere jarduten nuen gizonak besterik ez zeuden leku haietan". Hala ere, pandero jotzaile gisa egin zuen bideak ireki die ondorengo belaunaldie berea. Bidegileetako bat da Mailu.

Zaletasuna, erroan

Egun gutxiago hartzen dituzte hiru omenduek soinua eta panderoa, baina "bizi-bizirik" eusten diote trikitiarekiko loturari. Hain justu, antolatzaileek horixe nabarmendu nahi izan dute aurtengoan. "Martieritan figura handiak izan dira hiru lagun hauek, eta gainera, oraindik aktibo daude. Ez dira erromeriaz erromeria ibiltzen, ez, baina afari bueltan-eta sarri ikusten dira soinua eta panderoa eskuetan hartuta. Gutxi iristen dira halako egoeran omenaldia jasotzera", adierazi du Ibon Errazu antolatzaileak.

Egurrola anai-arrebek eta Sakristauak libre dituzten ordu apurretan soinua eta panderoa eskuetan hartu, eta benetako maisutasunez astintzen dituzte, hautsak ederki harrotuz; betiere, jakina, hautsa pilatzen uzten badiete. Duela hamarkada batzuetan zuten senari eusten diote, beraz, hiru lagunek. Trikiti zaleak ziren, eta trikiti zaleak dira. Huraxe da haien erroan duten zaletasuna. "Trikitia zerbait pozgarria da, piztu egiten gaituen zerbait", azaldu du Mailuk. Musika tresna bat baino gehiago da berarentzat: bizipenak, harremanak eta oroitzapenak biltzen dituen haria.

Hiru martirietarrek behin baino gehiagotan parte hartu dute sanjosetako jaialdian, beste trikitilariren bat omendu izan dutenean. Aurten, harmailetatik jarraitu beharko dute saioa, bai behintzat jaialdiaren azken hondarrera arte; izan ere, agertokira igotzeko asmoa dute amaieran. Pieza pare bat jotzea dute xede. Beren auzoko plaza maitean, Martirietakoan, egin dute lehen entsegua, eta ez dute inolako kuidorik.

Hiru omenduak, Martirietako plazan soinua eta panderoa eskuetan hartuta. (Maialen Etxaniz)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide