Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketaren lehen fasea bukatu da, eta hain zuzen ere, joan zen asteburuan jokatutako finaletako bertsoaldi onenak bildu ditu Gukak saio berezi batean. Gainera, finaletan kantuan aritu ziren bertsolariekin ere hitz egin du hedabideak saioa osatzeko.
Joan zen ostiralean jokatu zuten Urola Erdiko finala Zaharrak Berri eta Txemaizterrak taldeek, eta Zaharrak Berri taldeak lortu zuen hurrengo faserako txartela. Orion, berriz, Urola Kostako finala jokatu zuten Allepunta eta Arrai Nahastua taldeek, eta Allepunta izan zen nagusi.
Txapelketaren hurrengo fasean izango dira, ondorioz, Azpeitiko Zaharrak Berri taldea eta Zarauzko Allepunta, eta horiek apirilaren 18an, larunbatez, jokatuko dute lehia, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean. Dena den, oraindik ez dute saioaren gaineko xehetasun gehiago eman txapelketaren antolatzaileek.