Greba egunari manifestazioekin eman diote amaiera Urola Kostan. Gipuzkoako manifestazio nagusia Donostian izan da, eguerdian, eta datuen arabera, 30.000 lagun bildu dira bertan. Handik bueltan, arratsaldean, herrietan jarraitu dute protestekin: tartean, Azpeitian, Azkoitian, Getarian, Orion, Zarautzen, Zestoan eta Zumaian egin dituzte manifestazioak eta elkarretaratzeak. Goizeko hitzorduetan gertatu den bezala, azken hauetan ere jendetza batu da, Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata Euskal Herrian erabakitzea eta soldata hori 1.500 eurokoa izatea eskatzeko. ELA eta LAB sindikatuek egunaren balorazio oso positiboa egin dute, eta azpimarratu dute eskualdean babes handia izan duela.