Marta Gomezek eta Naroa Agirrek garaipen garrantzitsua lortu dute Aizarnazabalen

Mailo Oiarzabal 2026ko martxoaren 7a

Ados Pilotaren VI. Binakako Txapelketaren promozio eta lehen mailako partida bana jokatu zituzten atzo iluntzean Aizarnazabalgo Atari Soron. Gaur, berriz, txapelketa nagusiko beste bi neurketa jokatuko dituzte Getarian.

Ados Pilotaren VI. Binakako Txapelketak Aizarnazabalgo Atari Soro pilotalekuan hartu zuen atzo abaro. Promozio mailan zein maila nagusian, hil honen 28an Azpeitian jokatuko diren finalak erabakitzeko ligaxketan murgilduta dabiltza Ados elkarteko pilotariak, eta atzo maila bakoitzeko neurketa bat jokatu zuten Aizarnazabalen.

Adosek antolatutako jaialdietan ohikoa denez, neska gazteen lagunarteko partidekin hasi zuten arratsaldea atzo ere. Gaztetxoen partiden ondoren, promozio mailako partidan Arrutik eta Alberrok 22-17 hartu zituzten mendean Sagardui eta Etxeberria. Txapelketa nagusiko neurketan, berriz, Marta Gomez eta Naroa Agirre arroarra izan ziren garaipena eskuratu zutenak, Natale Aranbururi eta Ane Mendibururi 22-19 irabazita. Urrezko balioa duten puntuak zituzten jokoan atzo bi mailetan eta, beraz, irabazleak txapelketan bizirik jarraitzeko aukerekin irten ziren atzo Atari Sorotik.

Kanpoan euri eta haize ekaitzak gogor jotzen zuela jokatu zuten atzoko jaialdia, eta itogin batek kantxan sortzen zuen putzua lehortzera sarri-sarri irten behar izan zuten antolatzaileek.

Gaur, eskualdeko pilotazaleek beste hitzordu bat dute Ados elkartearen binakakoarekin. Izan ere, Getarian jokatuko dute berez Lekeition (Bizkaian) programatuta zuten jardunaldia. Maila nagusiko bi neurketa ikusteko aukera izango da Sahatsagan: Barrokal-Perez eta Aranburu-Mendiburu ariko dira aurreneko partidan; eta Iturriaga eta Orbegozo azpeitiarra eta Oskoz eta Arrastia, bigarrenean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide