Urkomek Landaola sariak banatu ditu bederatzigarren urtez gaur, Mendaron (Gipuzkoa) egin duen ekitaldian. Urtero bezala, Gipuzkoako landa garapenerako sei agentziek osatzen duten Landaola federazioak landa garapeneko proiektuak aitortu ditu sarien bidez, eta hautagaien artean, bi ziren eskualdekoak: izan ere, Amaia Alberdi azpeitiarrak Luzaro Errezilgo Azokaren lekukoa hartuta martxan jarri duen proiektua eta Bizi Beizama egitasmoa zeuden izendatuta ekimen pribatuari eta publikoari zegozkien sariak jasotzeko, baina eskualdeko ordezkariak esku hutsik itzuli dira handik.
Hain zuzen, erakunde pribatuen atalean Oiartzungo Bizi Iraun elkarteak jaso du saria, eta erakunde publikoari zegokiona Itsaso herriak irabazi du, Sindikatoa dendagatik. Emakumeak Landa Eremuan saria, bestalde, Maitane Beristain lasturtarrak irabazi du, eta urteetako ibilbidearen saria eman diote Tolosako Aldaba Zahar elkarteari.