Betiko sustraiei eutsiz, lekuko aldaketa

Andoni Elduaien 2026ko urtarrilaren 14a

Irulegi, Alberdi eta Galarraga, eraldatze zentroaren atarian, Hernio atzean dutela. (Andoni Elduaien)

Hiru hamarkadako ibilbidea duen Errezilgo Azoka proiektuak etapa berri bati ekin dio, Amaia Alberdi azpeitiarraren eskutik. Garaiko uzta eraldatuz, herriari zerbitzua ematen jarraitzea da haren asmoa.

Errezilgo Azoka ez da denda hutsa izan inoiz. Herri baten beharrari erantzuteko sortutako egitasmoa da hura, sagarraren edota baserriko bestelako produktuen bueltan ehundutako proiektua, eta, azken hiru hamarkadetan, tokiko ekoizpena, emakumeen lana eta landa eremuko bizimodua uztartu dituena. Orain, ordea, etapa berri batean sartu da proiektua. Egitasmoa abiatu zuten lagunek erretiroa hartuta, belaunaldi berrien garaia heldu da. Amaia Alberdi (Azpeitia, 1996) izango da aurrerantzean Errezilgo Azoka proiektuaren kudeatzailea, Luzaro izenpean.

Maxux Galarraga (Errezil, 1959) eta Jone Irulegi (Errezil, 1964) proiektuaren bueltan egindako lagunak dira, hastapenekoak biak. Atzera begira jarrita, gogoratzen dute haiek nola ekin zioten proiektuari: "Duela 30 bat urte-edo jarriko genuen martxan Errezilgo Azoka. Errezil sagarra bultzatzeko zerbait egin behar zela pentsatzen hasia zegoen jendea herrian, eta zaharkinen azoka bat zela eta, zerbait egitea pentsatu genuen", hasi da Irulegi. Testuinguru hartan, lokal bat utzi zien udalak haiei, etxean ekoitzitako produktuak saldu zitzaten, hala nola irasagarra, marmelada, intxaurrak eta babarrunak.

Hasierako harrera onak zabaldu zien proiektua sendotzeko bidea. Egitasmoa egonkortzen joan zen gero, eta Errezilgo hainbat baserritako emakumeak batu ziren. Hala gogoratzen du Galarragak: "Sei-zazpi emakume hasi ginen lanean elkartuta". Udalak lagunduta, eraldaketa zentroa sortzeko nahia erakutsi zuten haiek. Europako diru laguntza batzuk baliatu zituen udalak baserrietako produktuak eraldatu ahal izateko zentroa martxan jartzeko. Lanerako beharrezko azpiegitura egokitu eta makinaria erosi zuten proiektuari ekin eta lauzpabost urtera.

Urteek aurrera egin ahala, gutxitzen joan dira emakumeak. "Pixkanaka erretiroa hartzen joan da jendea, eta azkenerako, Jone eta biok gelditu gara", adierazi du Galarragak. Ordea, bidean bizitakoa "aberatsa" izan da bientzat. "Terapia moduko zerbait bezala hartzen nuen nik zentrora lanera etortzea. Etxetik irteteko beste bide bat zen, jendearekin harremanak egiteko beste modu bat. Jende pila bat ezagutzeko aukera izan dugu proiektu honi esker", gehitu du hark. Proiektua abiatu zutenean jendeak izan zituen esamesak ere goitik behera astindu dituzte emakumeek. "Hasieran jendeak esaten zigun zazpi emakumek batera ez genuela asko iraungo. Kide bakoitza bere ekarpena eginez hasi zen, etxean zuen garaiko produktua dendara ekarriz. Jendeak ezustekoa hartu du gu honaino iritsita".

Lekukoa, Alberdiren esku

Aurrez erretiroa hartu zuten emakumeen moduan, Galarragak eta Irulegik ere Errezilgo Azokako zentroko lana uztea erabaki zuten iaz, eta proiektua amaierara iristen ari ote zen beldur ziren biak. "Egundoko penarekin hasi genuen zentroa uzteko prozesua, ez baikenuen uste inork honi segida emango zionik; guk hasitako proiektua bertan behera geldituko zela pentsatzen genuen. Izan ere, Maxuxi erretiroa hartzeko garaia iritsi zio, eta niri ezintasun asko suertatu zaizkit lanean segitu ahal izateko", aitortu du Irulegik.

Une horretan azaldu zen Alberdi. Galarragarekin egin zuen topo azpeitiarrak, eta orduan jakin zuen Errezilgo Azokako emakumeek zuten asmoaren berri. Proiektua aurrez ere ezagutzen zuen Alberdik, azpeitiarrak barazkien ekoizpenera bideratuko zen beste proiektu bat baitzuen esku artean Anoetan (Gipuzkoa). "Ekoizpenera bideratutako beste proiektu bat nuenez, ezagutzen nituen Errezilgo Azkokako kideak. Dena den, proiektua gertutik ezagutu nahi izan nuen", esan du Alberdik.

Bi errezildarren esanetan, Alberdi ezagutzea erabakigarria izan zen hura proiektura batu ahal iztaeko. "Guk bultzada eman nahi izan genion Amaiari. Asko animatu dugu bera, betiere gauzak nola zeuden garbi esanda. Adierazi genion lana ez zela konplikatua, baina lan egin behar zela", dio Irulegik. Alberdirentzat, berriz, proiektuak "oinarri sendoa" du: "Proiektuak dena du; bere zentroa du, lana egiteko beharrezkoak diren instalazio guztiekin". Nolanahi ere, azpeitiarrak ez zuen "oso garbi" Errezilgo proiektuarekin aurrera egin edo ez.

"Asko pentsatu eta gero", Anoetako proiektua uztea erabaki zuen azpeitiarrak. "Lau urtez aritu nintzen proiektu hura eraikitzen, baina, azkenean, krak moduko bat egin nuen, eta utzi egin nuen iazko uztailean. Iazko udako hilabeteetan, Fraisoro Eskolan aritu nintzen lanean, baina irailean langabezian gelditu nintzen". Batzuentzat kasualitate kontua izango da, eta patua besteentzat, baina Errezilgo Udalak irailean bertan atera zuen lehiaketara Errezilgo Azoka proiektua ustiatzeko lizitazioa. Alberdi bakarrik aurkeztu zen lehiaketara, eta hari esleitu zioten proiektua duela pare bat hilabete.

Irulegi eta Galarraga, Alberdiri laguntzen. (Andoni Elduaien)

Zerbitzu bat eskaintzeko

Azpeitiarra abenduan hasi zen Errezilen lanean. Alberdi Azpeitiko San Martin egoitzara eramango duten sagar purea egiten dabil egunotan, eta Galarraga eta Irulegi ez daude geldirik, hari begira, egoteko. Bi errezildarrek horrenbeste urtean pilatutako jakituria guztia eskaini nahi diote azpeitiar gazteari. "Irakasle, aholkulari, laguntzaile... Denetik egin dute Maxuxek eta Jonek; oso ondo portatu dira nirekin", esan du Alberdik. Bide beretik erantzun diote errezildarrek azpeitiarrari: "Saiatzen gara laguntzen. Gainera, egundoko harreman polita egin dugu", erantsi du Irulegik.

Alberdik ez du ideia berrietan sakontzeko asmorik, "nahikoa" du-eta oinordekoek zuten eguneroko martxa hartzearekin. "Proiektuak eskain dezakeen zerbitzuan" sakondu nahi du hark. "Produktu bat sortu eta hura saltzeaz gain, zerbitzu bat eskaintzeko aukera ikusten diot proiektuari", dio kudeatzaileak. Beste hitz batzuetan esanda, Alberdik bestelako aukera bat eman nahi die herritarrei. Gordinago azalduta: herritar batek tomate sail bat badu, eta hark tomatea etxerako potoetan sartu nahi badu baina ez badaki nola egin, Alberdik emango dio horretarako aukera hari. "Herri txikietan, handietan bezala, galtzen ari da bizimodu hori, baina Errezilgo Azokaren zentro honek egundoko indarra izan dezake gisa horretako zerbitzuak eskaini ahal izateko", azaldu du.

Errezilen denda bat izateak duen garrantzia ere agerian utzi nahi izan dute hiru lagunek. "Errezil bezalako herri txiki batentzat funtsezkoa da oinarrizko denda txiki honi eustea", dio Galarragak. Alberdik ere bat egin du esan horrekin: "Errezil herri bizia da, oinarrizko zerbitzu guztiak ditu eta". Herria "bizirik" dago, Irulegirentzat ere: "Dena txikian dugu, baina dena dugu".

Sortzaileek lekukoa pasatu diote belaunaldi berriari; Errezilgo emakumeek ereindako sustraiek, ordea, kimu berriak ematen jarraitzen dute, iraganean ikasitakoa etorkizunari eskaintzeko, herritik eta herriarentzat lanean jarraitzeko.

Luzaro izenpean salduko dituzte aurrerantzean Errezilgo Azokako produktuak. (Andoni Elduaien)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide