Amaia Alberdi eta Beizamako Udala izendatu ditu Urkomek IX. Landaola sarietarako

Mailo Oiarzabal 2026ko martxoaren 2a

Amaia Alberdi (erdian), Errezilgo Azoka martxan jarri zuen taldeko Jone Irulegirekin eta Maxux Galarragarekin. (Andoni Elduaien)

Errezilgo Azoka proiektuaren lekukoa hartu duen azpeitiarraren proiektua eta Europan saritua izan den Bizi Beizaman aurkeztu ditu Urola Kostako landa garapeneko agentziak landa garapeneko proiektuei errekonozimendua egin asmoz ematen dituzten sarietara. Sari banaketa ekitaldia ostiralean egingo dute, Mendaron.

Datorren ostiralean, martxoaren 6an, banatuko dituzte IX. Landaola sariak Mendaroko (Gipuzkoa) San Agustin kulturgunean (12:00). Gipuzkoako landa garapenerako sei agentziek osatzen duten Landaola federazioak urtero ematen ditu landa garapeneko proiektuei errekonozimendua egin asmo dieten sariok, eta aurten ere lau sari emango dituzte: erakunde pribatuarena, erakunde publikoarena, ibilbidearena eta Emakumeak Landa Eremuan izenekoa.

Azken bi sailetako sarituen izenak ekitaldian bertan jakinaraziko dituzte aurten ere, baina erakunde pribatu zein publikoen sariak, urtero bezala, garapen agentziek aurkeztutako hautagaien artetik irtengo dira. Landaola osatzen duten sei eskualdetako agentziek hautagai bana aurkezten dute  sariotarako, eta Urkomek baditu bere bi hautagaiak.

Ekimen pribatuko egitasmoen sarirako, Luzaro Errezilgo Azoka proiektua aurkeztu du Urola Kostako landa garapenerako agentziak, Amaia Alberdi azpeitiarrak Errezilgo Azokaren lekukoa hartuta martxan jarri duen proiektua, hain zuzen.

Erakunde publikoek sustatutako egitasmoen sarirako, berriz, Bizi Beizaman egitasmoa aukeratu du Urkomek, joan den udazkenean New European Bauhaus saria irabazi zuen proiektua.

Ostiralean jakingo da Urola Kostako hautagaiek saririk jaso duten ala ez.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide