Gabon gauean emakume bati eraso egin zion gizona espetxera bidali du epaileak

Maddi Txintxurreta 2025eko abenduaren 27a

Eguberri bezperako erasoa salatzeko atzo Azkoitian bildu zen herritar taldea. (Azkoitiko Udala)

Sexu askatasunaren aurkako delitua egotzi dio epaileak Eguberri bezperan emakume bati eraso egin zion gizonezkoari, eta espetxera bidali du.

Sexu askatasunaren aurkako delitua egotzita, epaileak espetxera bidali du Gabon gauean Azkoitia eta Azpeitia artean emakume bati eraso egin zion gizona, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak gaur, larunbata, baieztatu duenez.

Asteazkeneko 22:52ak aldera izan zen erasoa. Gizonezko batek, buru-berokia jantzita zuela, lurrera bota zuen GI-631 errepidearen ondoan oinez zihoan 49 urteko emakume bat, Azkoitia parean. 

Ertzaintzak jakinarazi zuen sexu erasoa egiteko asmoa zuela gizonezkoak, baina andrazkoak oihu egin eta laguntza eskatu ahal izan zuen, eta berehala harengana gerturatu ziren hainbat pertsona. Erasotzaileak bizikletaz ihes egin zuen, baina atzetik beren ibilgailueta jarraitu zuten bi herritarrek geldiarazi zuten, Loiolako basilikatik gertu. Herritarrek 60 urteko erasotzailea atxiki zuten Ertzaintzako agenteak iritsi ziren arte, eta poliziek komisaldegira eraman zuten. Emakumezkoa, aldiz, ospitalera eraman zuten zauriak artatzera.

Erasoa gaitzesteko mobilizazioak egin dituzte egunotan Azkoitian eta Azpeitian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide