Gabon gauean Azkoitia eta Azpeitia artean izandako erasoa salatu dute udalerri horietan

Maddi Txintxurreta 2025eko abenduaren 27a

Eguberri bezperako erasoa salatzeko Azkoitian bildu zen herritar taldea. (Azkoitiko Udala)

Gabon gaueko eraso matxista gaitzesteko mobilizazio bana egin zuten atzo Azkoitian eta Azpeitian. Udaletako ordezkaritzak parte hartu zuten bi elkarretaratzeetan.

Gabon gaueko eraso matxista gaitzesteko mobilizazio bana egin zuten atzo arratsaldean, ostirala, Azkoitian eta Azpeitian. Udaleko Bozeramaile Batzordeak deitu zuen Azkoitiko elkarretaratzea, eta Azpeitiko Feministen Sareak nahiz San Martin egoitzako langileek Azpeitikoa.

Azkoitian, hainbat herritar elkartu ziren 19:00etan plazan, eta udaleko talde politiko guztietako ordezkariek heldu zioten pankartari, horien artean, Ana Azkoitia alkateak. Mobilizazioan parte parte hartu zuen, halaber, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendari Nerea Isasik.

Elkarretaratzea iragartzeko zabaldu zuten oharrean, udaleko alderdi guztiek beren "gaitzespenik irmoena" adierazi zuten Azkoitiko bizilagun batek abenduaren 24ko gauean, Eguberri bezperan, jasandako erasoaren aurrean.

"Ez dago eskubiderik lanetik etxera bidean doan emakume bat inguratzeko eta bortxatzen saiatzeko. Erasotzaileak egindakoa ordaindu dezala. Nahikoa da. Indarkeria matxista gure indar guztiekin desagerrarazi behar dugun gaitza da, aitzakiarik gabe, justifikaziorik gabe, eta beste aldera begiratu gabe", adierazi zuen Udaleko Bozeramaile Batzordeak.

Ordu berean mobilizatu ziren Azpeitian, herriko talde feministak eta San Martin egoitzako langileek deituta. Herritarrez gain, elkarretaratzean izan ziren Urola Kostako LABeko nahiz Azpeitiko Udaleko ordezkariak.

Hainbat lagun, Gabon gaueko eraso matxista salatzeko Azpeitiko elkarretaratzean. (Azpeitiko Feministen Sarea)

Ohar baten bidez, Udalak babesa adierazi zion erasoa jasan duen emakumeari nahiz haren gertukoei, eta emakumeen aurkako indarkeria "egiturazko arazo bat" dena gogorarazi zuen: "Indarkeria hori ez da ekintza bakartuen edota azalpenik gabeko gertakarien emaitza. Aitzitik, generoen gaineko aurreiritziak, gizartean aski errotuta dauden horiek dira, hain zuzen, halako ondorio larri eta tamalgarrien sortzaile".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide