Gabon gaueko eraso matxista salatu dute elkarretaratze jendetsu batekin

Maddi Txintxurreta 2025eko abenduaren 26a

Dozenaka lagun, azken eraso matxista salatzeko Itaiak Azkoitian deitu zuen elkarretaratzean. (Utzitakoa)

Dozenaka lagunek bat egin zuten atzo arratsaldean Urola Erdiko Itaiak Eraso matxistei aurre egin! lelopean deitu zuten mobilizazioarekin. 

Ertzaintzak gizon bat atxilotu zuen asteazkenean, Gabon gauez, Azkoitian, kalean oinez zihoan emakume bati eraso egiteagatik, eta dozenaka lagun batu zen gertatutakoa gaitzesteko Urola Erdiko Itaiak deitu zuen elkarretaratzean. 19:30ean egin zuten mobilizazioa, Azkoitiko plazan, Eraso matxistei aurre egin! lelopean.

Antolakunde horrek babesa adierazi zion erasoa jasan zuenari eta haren gertukoei. Halaber, egoeraren larritasuna azpimarratu zuen, iaz erregistratutako salaketen aldean, 2025ean %87,5 egin baitute gora eraso matxisten salaketak Urola Erdian. Aurten, guztira, 66 eraso matxista salatu dituztela jakinarazi zuen Itaiak.

Asteazkeneko 22:52ak aldera izan zen erasoa. Gizonezko batek lurrera bota zuen GI-631 errepidearen ondoan oinez zihoan 49 urteko emakume bat, sexu erasoa egiteko asmoz, Ertzaintzak jakinarazi zuenez.

Andrazkoak oihu egin eta laguntza eskatu ahal izan zuen, eta berehala harengana gerturatu ziren hainbat pertsona. Gizonezkoak bizikletaz ihes egin zuen, baina atzetik kotxez jarraika zituen bi herritarrek geldiarazi zuten, Loiolako basilikatik gertu. Herritarrek 60 urteko erasotzailea atxiki zuten Ertzaintzako agenteak iritsi ziren arte, eta poliziek komisaldegira eraman zuten.

Gaur deialdi gehiago

Azkoitiko Udaleko alderdi guztiek beren "gaitzespenik irmoena" adierazi dute Azkoitiko bizilagun batek abenduaren 24ko gauean, Eguberri bezperan, jasandako erasoaren aurrean, eta gertatutakoa gaitzesteko elkarretaratzea deitu dute gaur, ostirala, 19:00etan plazan.

"Ez dago eskubiderik lanetik etxera bidean doan emakume bat inguratzeko eta bortxatzen saiatzeko. Erasotzaileak egindakoa ordaindu dezala. Nahikoa da", adierazi du Udaleko Bozeramaile Batzordeak.

Halaber, Azpeitiko Feministen Sareak eta San Martin egoitzako langileek ere elkarretaratzea deitu dute Gabon gauean Azkoitia eta Azpeitia artean izandako eraso matxista gaitzesteko. Gaurko deitu dute mobilizazioa, 19:00etan, plazan. Erasoa jasan zuen emakumeari babesa adierazi diote. "Bat erasotzen dutenean, denok erasotzen gaituzte!", adierazi dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide