Urola Erdiko Itaiak babesa adierazi die Zestoako sei akusatuei eta igandeko mobilizazioarekin bat egin du

Maddi Txintxurreta 2025eko abenduaren 11

Azaroaren 25ean Itaiak deituta Azpeitian egindako mobilizazioa. (Nerea Uranga)

Zestoako Mugimendu Feministak iganderako deitu duen mobilizazioarekin bat egin du Itaiak eta "erasotzaileen inpunitatearen aurka borrokatzera" deitu du.

Urola Erdiko Itaiak "babes eta elkartasun osoa" adierazi die "elkartasuna antolatzeagatik" datorren asteartetik aurrera Donostiako Auzitegian epaituko dituzten sei zestoarrei, eta Zestoako Mugimendu Feministak igandean Elkartasuna ez da delitua lelopean deitu duen elkarretaratzearekin bat egin du.

Antolakunde horrek gogorarazi duenez, lau eta bost urte arteko espetxe zigorrak eskatzen dituzte akusatuetako baten alde elkartasuna artikulatu zuten Zestoako bizilagunei, eta hori, Itaiaren iritziz, erasotzaileek duten inpunitatearen adibide garbia da: "Erasotua eta berari babesa adierazi diotenak epaituko dituzte datorren astean".

Erasoen aurren antolatzeak "kriminalizazioa" dakarren bitartean, erasotzaileak "inpunitate osoa" dutela salatu du Itaiak. "Eguneroko errutina mantentzen dute, babes soziala izan ohi dute... Eta, kontrara, erasotua da bizitza aldatzen duela, kriminalizatzen dutena eta erasoaren pisua eramatera kondenatzen dutena", agertu du.

Antolakundearen aburuz, herritar guztien ardura da erasoen aurrean "erantzun irmoak" ematea eta "erasotzaileen inpunitatearen aurka borrokatzea". Horregatik, igandean Zestoako Mugimendu Feministak deitu duen manifestaziora joateko deia zabaldu du. Herriko plazan izango da mobilizazioa, 13:00etan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide