Azaroaren 25a da gaur, indarkeria matxistaren aurka kaleak hartzeko eguna, eta horixe bera egin dute herritarrek Urola Kostako hainbat tokitan. Eguraldi makurrak lagundu ez badu ere, herritarrek ez dute etxean gelditu nahi izan urtez urte areagotzen ari den indarkeriaren aurrean, eta ozen zabaldu dituzte aldarriak Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunean.
Aian, 19:00etan txokolatada eta elkarretaratzea egin dituzte, plazan, Aiako Emakume Taldeak deituta.
Aizarnazabalen, 19:00etan, elkarretaratzea egin dute, udaletxe aurrean, Aizarnazabalgo Mugimendu Feministak deituta.
Azkoitian, protesta egin du Itaiak 19:00etan, eliz atarian.
Azpeitian, bi mobilizazio izan dira: 18:30ean, elkarretaratzea egin dute, Epaitegiaren aurrean, Azpeitiko Feministen Sareak deituta; eta, 19:00etan, Kaleak hartu mobilizazioa egin dute, plazatik hasita, Urola Erdiko Itaiak deituta.
Errezil-Beizaman, Saiaz gizarte zerbitzuen udal elkarteak egindako deialdiarekin bat egin dute; 19:00etan, Bidania-Goiazko frontoian elkartu dira.
Getarian, udalbatzarraren aurretik mobilizazioa egin dute, udaletxearen aurrean.
Orion, Mugimendu Feministak deituta, mobilizazioa egin dute, 19:00etan, Herriko Plazatik hasita.
Zarautzen ere hainbat protesta ekitaldi izan dira. 18:30ean, Zarauzko Mugimendu Feministak deituta, manifestazioa egin dute udaletxe aurretik abiatuta, eta 19:00etan, Denok gara Yoanna egitasmoa, Azken Portuko Plaza Gorrian. Bestalde, Itaiak deituta, 18:00etan, mobilizazioa izan da, udaletxe aurrean.
Zestoan ere bi ekitaldi izan dira: batetik, 18:30ean, manifestazioa egin dute, plazatik irtenda, Zestoako Mugimendu Feministak deituta; eta bestetik, 19:00etan, mobilizazioa izan da plazan, Urola Erdiko Itaiak deituta.
Zumaian, Mugimendu Feministak deitutako manifestazioa izan da, 19:00etan, Beheko Plazatik abiatuta.