Azaroaren 25a

Indarkeria matxista kasu kopuruak gora egin du bailaran

Maria Maya Manterola 2025eko azaroaren 25a

Argazkia: Utzitakoa.

Iaz, 86 ziren Urola Kostako udalek zenbatutako indarkeria matxista kasuak; aurten, 161. Adin guztietakoak eta askotariko jatorrietakoak dira erasoa jasan dutenak.

Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna da gaur, Azaroak 25. Urola Kostako herrietako Gizarte Zerbitzuek jasotako datuen arabera, gutxienez 161 emakume izan dira indarkeria horren biktima aurten. Nabarmen egin du gora kopuruak, iazkoaren ia bikoitza baita –86 kasu artatu zituzten iaz–, baina gorakadaren zergatia ez dago jakiterik, udalek findu egin baitituzte zenbaketak. 

Aia

Aian, aurten oraingoiz indarkeria matxista kasu baten berri izan dute Gizarte Zerbitzuek. Indarkeria psikologikoa eta sexu indarkeria jaso ditu erasotzailearengandik pertsona horrek, eta 27 urteko emakumea da, jatorri atzerritarrekoa. 

Iazko garai bereko datuekin alderatuta, kasu bat gutxiago zenbatu dute aurten Aian. Bi emakume horietatik batek sexu erasoa salatu zuen; besteak, indarkeria psikologikoa.

Aizarnazabal

Aurten, hiru indarkeria matxista kasuren berri izan dute Aizarnazabalgo Udaleko Gizarte Zerbitzuek. Ez dute argitu zer-nolako erasoak izan diren, baina bai bik jarri dutela salaketa formala. Erasoa jasan duten hiru emakume horiek Euskal Herrikoak dira; erasotzaileak, berriz, bi Euskal Herrikoak, eta bat atzerritarra. Iaz, bi izan ziren udalak jasotako indarkeria matxista kasuak herri horretan.

Azkoitia

Azkoitiko Udalak 21 indarkeria matxista kasu artatu ditu aurten, eta lehendik erregistratutako beste hamar kasuri egin die jarraipena. Hamahiru dira salaketa jarri dutenak, eta hamar kasutan babes neurriak aplikatu dituzte.

Adinari dagokionez, biktima gehienak –11, zehazki– 31 eta 45 urte bitartekoak dira; bi adingabeak dira, eta bat 60 urtetik gorakoa da. 18-30 adin tartean bost emakume artatu dituzte, eta bik 46 eta 59 urte bitartean dituzte.

Gora egin du herri horretan ere kasu kopuruak. Hamalau kasu artatu zituzten iaz.

Azpeitia

Azpeitian, Gizarte Zerbitzuek, Emakumeen Txokoak eta Udaltzaingoak iaz, 2024an zehar, jasotako datuen berri eman dute.  40 izan dira hiru erakunde horiek erregistratutako indarkeria matxista kasuak. Datuak xehe eman dituzte herri horretan: erasoa jasan duten emakume gehienak 18 eta 30 urte artekoak dira, nahiz eta esanguratsua den, udalaren hitzetan, 30 eta 50 urte artekoen kopurua ere. 40 kasutatik %71,8 genero indarkeria kasuak izan dira; hau da, bikotekidearengandik edo bikotekide ohiarengandik jaso dute indarkeria. Dena den, familia barruko indarkeria sexista, jazapen sexista eta sexu indarkeria kasuak ere identifikatu dituzte. 

Iaz, 22 kasu zenbatu zituzten; beraz, nabarmen egin du gora kopuruak. Hala ere, udalak adierazi du urteak daramatzala datuen bilketa fintzen, eta beraz, ezin dela jakin kasuak ugaritu izana identifikazioan eta datu bilketan egindako aurrerapenengatik den.

Beizama eta Errezil

Azaroaren 5ean bildu ziren Bidania-Goiazko (Gipuzkoa) liburutegian Saiaz gizarte zerbitzuetako udal elkartea osatzen duten lau udalerrietako ordezkariak eta herritarrak Azaroaren 25aren bueltan hitz egiteko.

Azken urtean 35 urtetik beherako biktimak izan dituzte Beizaman eta Errezilen. Ez dute zehaztu kopuru zehatza, baina gehienak indarkeria psikologiko kasuak izan dira. Saiaz udal elkartearen ustez, garrantzitsua da gazteak pixkanaka konturatzea indarkeria dela jasaten ari direna. Kasuak Gizarte Zerbitzuetara iristen dira zuzenean, baina baita medikuarenera ere. Medikuen lana txalotu nahi izan dute mankomunitateko arduradunek.

Getaria

Getariako Gizarte Zerbitzuek indarkeriazko bi kasuren berri eduki dute, baina biktimek ez dute salaketarik jarri. Ez dakite Ertzaintzak beste datu batzuk edukiko dituen ala ez. Iaz, hiru kasuren berri izan zuten han.

Orio

Iazko azarotik orain arteko datuen berri eman dute Orion. Guztira, 29 izan dira Gizarte Zerbitzuek zenbatutako kasu berriak, nahiz eta lehenagoko hemeretzi kasuri jarraipena egiten ari diren. Adinari erreparatuta, 30 eta 40 urte artekoak dira erasoa jasan duten gehienak, baina 20 eta 30 urte artekoen kopurua ere esanguratsua da. 

Kasu gehienak indarkeria fisiko kasuak dira; hamasei, hain zuzen. Indarkeria psikologiko kasuen (7), bortxaketen (2), indarkeria bikario kasuen (1) eta sexu indarkeria kasuen (3) berri ere izan dute, dena den. Iaz, hamasei kasuren berri izan zuten herri horretan.

Zarautz

Zarautzen, guztira, 36 kasu zenbatu dituzte udaleko Berdintasun sailean urte honetan. Indarkeria motari dagokionez, 36 horietatik hamar izan dira indarkeria fisiko kasuak, hamahiru indarkeria psikologiko kasuak, eta beste hamahiru sexu indarkeria kasuak. 

Erasoa jasan dutenen adinari dagokionez, 35 eta 49 urte artekoen kopurua da aipagarriena: hamazazpi dira adin tarte horretakoak. Sexu erasoak (13) eta genero indarkeria (15) kasuak izan dira gehienak. 

Iaz, ez zuen 2024ko daturik eman Zarauzko Udalak, 2023ko datuak baizik: urte hartan, 67 indarkeria matxista kasu zenbatu zituzten.

Zestoa

Lau kasu zenbatu dituzte Zestoan urte honetan azarora bitarte: atzerritar jatorrikoak dira hiru, eta Euskal Herrikoa bat. Adinari dagokionez, adin txikikoa da erasoa jasan duen emakume bat, eta gainerako hirurek, 40 eta 50 urte artean dituzte. 

Eraso fisikoa eta psikologikoa jasan dute horietako bik; psikologikoa, batek; eta sexu erasoa, beste batek. Bi kasu zenbatu zituzten iaz herri horretan.

Zumaia

Aurten indarkeria matxistaren 25 kasu berri artatu dituztela eman dute jakitera Zumaian. Udaleko Gizarte Zerbitzuetako, Emakumeon Etxeko eta Ertzaintzako datuak dira horiek. Kasu horietan guztietan, indarkeria gertuko pertsonen eskutik etorri dela ere adierazi dute, eta, erasoa jasan dutenei dagokienez, bizitzako etapa guztietan gertatu direla erasoak, 0 urtetik 65era bitartean. Kasu denetan indarkeria psikologikoa presente egon da.

Iaz hamasei kasu izan ziren, baina Gizarte Zerbitzuetako datuak soilik jaso ziren. Lehenbizikoz eman dituzte datuak gainerako erakundeek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide