Azaroaren 25eko Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunaren harira Zestoako Mugimendu Feministak antolatutako ekintzen barruan, hitzaldia emango duzu Alonderon. Zer ikuspegitatik jorratuko duzu gaia?
Indarkeria matxistaren aurkako borrokak urte asko daramatza Euskal Herrian; horregatik, jakiteko gaur egun zer puntutan aurkitzen garen, protokoloei edo autodefentsa feministari dagokienez batez ere, garrantzitsua iruditzen zaigu genealogia feministari errepaso txiki bat egitea. Horrek balioko digu ikusteko azken urteetan indarkeria matxistaren testuinguruan zer estrategia edo tresna erabili izan ditugun, zeren genealogia horrek ekarri gaitu honaino. Oraingo korapiloez eta eztabaidez ere arituko gara, gure borroka ahalik eta eraginkorrena izan dadin horiek ere askatu behar direlako.
Bilgune Feministak hogei urte baino gehiago daramatza martxan. Denbora horretan, zer aurrerapen izan dira indarkeria matxistari aurre egiteko protokoloei edo moduei dagokienez?
Bilguneak bakarrik ez, Emakumeen Mundu Martxaren erailketen kontagailuak ere hogei urte baino gehiago ditu, esaterako. Autodefentsa feministari edo indarkeria matxistaren bueltan seinalatu behar diren elementuei dagokienez, mugimendu feministak asko garatu du bere diskurtsoa, eta hor daude, baita ere, egin izan ditugun mobilizazio masiboak, edo indarkeriari aurre egiteko estrategia desberdinak; adibidez, gaueko manifestazioak oso esanguratsuak izan dira Euskal Herrian. Herrietan eta auzoetan sortutako talde feministak, bestalde, jai giroetako protokoloak lantzen aritu dira, eta azken urteetan udalei exijitu diete puntu moreak kudea ditzatela eta horietan profesionalak aritu daitezela. Gainera, gero eta berdintasun teknikari gehiago dago udaletan, gero eta zerbitzu gehiago... Hori guztia mugimendu feministak egin duen sozializazioari esker etorri da, neurri batean, gure exijentziei kasu egitearen ondorioz. Esango nuke horrek guztiak ekarri gaituela gaur egun gauden leku honetara.
"Herri txikiek, akaso, indarkeria matxistaren aurkako borrokan ardurak eta erantzukizunak elkarbanatzeko aukera ematen dute, ez daitezen soilik izan mugimendu feministarenak"
Zeintzuk dira indarkeria matxistaren kontra egiteko bidean oraindik ere aurki daitezkeen korapiloak?
Barnera begirako korapiloak bat baino gehiago dira. Kanpora begira, gero eta sozializazio handiagoa lortu dugu, eta horri esker, indarkeria matxistaren ulerkera zabalagoa dago gizartean. Hala ere, azken urteetan antzematen ari garen kontrako oldarraldia, berriz ere, mugimendu feministaren deslegitimizazioa bultzatzen ari da. Aurtengo udan, adibidez, batean eta bestean ikusi dugu mugimendu feminista eraso bat salatzera atera denean, salaketa hori boikoteatzen ahalegindu direla.
Herri txikia da Zestoa; horrek erasoak komunitatean erantzutea erraztu dezake?
Herri txikiek, akaso, indarkeria matxistaren aurkako borrokan ardurak eta erantzukizunak elkarbanatzeko aukera ematen dute, ez daitezen soilik izan mugimendu feministarenak. Baina, bestalde, herriaren zati bat kontra azaltzen bada, horrek mugimendu feministaren lana zaildu dezake.
Erasoen aurrean, zigorraz besteko aukerak aztertzen al ditu mugimendu feministak?
Euskal Herrian, mugimendu feministaren diskurtsoa beti izan da nahiko antipunitibista; herri honek espetxearekin izan duen harreman bereziak ziur zerikusia duela horrekin. Horregatik, espetxe zigorrak handitzea, adibidez, ez da mugimendu feministaren aldarria, baina oraintxe bertan ez dago baliabiderik, ezta instituzioen aldetik ere, bestelako alternatibak probatzeko. Beraz, justizia feministaren bidean, tresna desberdinak bilatzen ari gara, baina batez ere erasoak jasan dituzten pertsonak erdigunean jartzea dagokigu; erreparazioa, osatzea, erantzuna... hori guztia artikulatzea.
Bihar, Iñi Etxezarretarekin batera eman duzun Garen piztiaz beste. Hitz egin daiteke euskal transfeminismoaz? liburua aurkeztuko duzue Zarautzen. Gizonik eta emakumerik gabeko gizartea aldarrikatzen duzue bertan; hori ere indarkeriarekin erabat lotuta dago, ezta?
Liburu hau oso baliagarria izan da Iñi eta biontzat guk esaten eta pentsatzen ditugunak nolabait biltzeko, eta indarkeria horren guztiaren kontrako tresna ere izan nahi du. Indarkeria matxistak zapaltzen dituen subjektu eta kategoriak hainbat dira, eta saiatu gara horiek guztiak barne hartzen eta egon daitezkeen gurutzaketa guztiei erreparatzen.
"Ez da kasualitatea mugimendu feministari zilegitasuna kentzen ahalegintzen ari diren garai hauetan transfobia areagotu izana"
Esan nahi duzu indarkeria matxista ez dela gizon batzuek emakumeen kontra erabiltzen duten biolentzia? Konplexuagoa dela?
Hori da. Ez da kasualitatea mugimendu feministari zilegitasuna kentzen ahalegintzen ari diren garai hauetan transfobia areagotu izana edo gorputzen burujabetza kolokan jarri izana. Lotuta dago guztia.
Liburuak zer ekarpen egiten du erreakzio faxistaren testuinguruan?
Marko bat jartzen du, eta azaltzen du nondik datozen kontrako diskurtso horiek; hau da, guk proposatzen dugunak egun ezagutzen dugun sistema kolokan jartzen du, eta aldiro, sistema betikotzeko eta erreproduzitzeko mekanismo berriak asmatzen dituzte.
Gainean dugu azaroaren 25a, eta erasotzaileekiko konplizitatea ere indarkeria matxista dela aldarrikatuko du mugimendu feministak. Zer dela-eta jarri duzue fokua horretan?
Askotan erasotzaileak identifikatzen direlako izaki abstraktuak balira bezala, edo irudikatzen direlako gugandik urrun egongo balira bezala. Baina estatistikek erakusten digute erasotzaileak eta feminismoari zilegitasuna kentzen diotenak inguruan ditugun gizonak direla, herrian, auzoan eta kuadrilletan daudela. Beraien arteko anaitasunaren bidez sostengatzen da indarkeriaren egitura, eta noski, anaidi hori ezin hobeto datorkie instituzioei, indarkeria matxista lehen mailako arazo sozial eta politiko bezala ez hartzeko. Hori aldatuko balitz, urrats bat egingo genuke indarkeria matxistaren aurka.