Gipuzkoako Foru Aldundiak atzo egin zuen aurtengo Kirolgala, Donostian, Tabakaleran, eta hainbat kirolarik nahiz taldek jaso zuten aitortza ekitaldian. Eskualdeko herritarrek ere jaso zituzten sariak atzokoan. Izan ere, Alex Txikon Azpeitian bizi den mendigoizaleak nahiz Nadia Erostarbe surflari zarauztarrak eskuratu zituzten Gipuzkoarren Kirola herritarren sariak; herritarrek boz bidez hautatu dituzte bi lagun horiek sariak jasotzeko.
Halaber, Distira saria Alba Menendez Bera Berako jokalari ohi zarauztarrarentzat eta Esther Arrojeriarentzat izan zen. Bestalde, Orio Arraunketa Elkarteak jaso zuen Kirol Meritu saria, aurten osatutako denboraldia tarteko. Gainera, hainbat kirolariren balentriak aitortu zituzten atzokoan, eta horien artean izan zen Irati Idiakez getariarra, snowboard egokituan Kristalezko Globoa eskuratu zuelako.
Atzoko ekitaldiak 400 bat lagun elkartu ziren, tartean kirolariak nahiz Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak, hala nola Eider Mendoza ahaldun nagusia eta Goizane Alvarez Kultura eta Kirol diputatua.