Abila da taula gainean Nadia Erostarbe surflaria (Zarautz, Gipuzkoa, 2000), eta horixe erakutsi du beste behin ere: WCT lehiaketan parte hartu berri du, munduko surf zirkuiturik onenean —Euskal Herrian hori lortu duen bigarren emakumea da—. Bederatzigarren egin du Hawaiiko Lexus Pipe Pro txapelketan. Urduri ibili da, baina "pozik" dago lortutakoarekin, eta datorrenari aurre egiteko prest.
Zer esan nahi du zuretzat WCT lehiaketan aritu izanak?
Lorpen handia da. Hesi hori puskatu dut, eta konturatzen naiz eredu izango naizela jende askorentzat. Gustura eta pozik nago.
Urrats garrantzitsua da zure ibilbidean, ezta?
Garrantzitsuenetarikoa. Olinpiar Jokoetan parte hartzea izan zen lehena, baina hau parekoa da, maila berean dago.
Denboraldi oso ona egin zenuen iaz, eta gertu izan zenuen WCTra igotzea. Egindako lanaren saritzat duzu Lexus Pipe Pro txapelketan parte hartu izana?
Bai. Pasa den urtea luzea eta gogorra izan zen. Txapelketa asko izan nituen. Azken bi lehiaketetan min hartuta egon nintzen, eta penaz geratu nintzen, ezin izan nuelako nire onena eman. Gogorra izan zen hainbeste lan egin eta gero ez igotzea, zer-eta postu baten aldeagatik. Orain aukera izan dut, behintzat, txapelketa batean parte hartzeko; izugarria izan da.
Jarraitu elkarrizketa irakurtzen, esteka honetan.