Ez zara denboraldi makala egiten ari. Munduko Snowboard Kopa irabazi zenuen otsailean, urrezko eta zilarrezko domina bana eskuratu dituzu Munduko Txapelketan… Denboraldia hasterako, espero al zenuen?
Munduko txapelketak ziren aurtengo helburu nagusia; horretarako aritu naiz entrenatzen. Ez dakit espero al nuen lortu dudana lortzea, baina lor nezakeela sinetsi behar nuen, eta horregatik borrokatu dut. Izan ere, oso zaila da helburuak zeure buruarengan sinetsi gabe lortzea. Helburuak lortu ditut, eta oso pozik nago.
Kristalezko globoa etxeratu zenuen Munduko Kopatik. Ez, baina, lehen aldiz. Zer esan nahi du sari hori berresteak?
Kristalezko globoa aurten berriz irabazteak garrantzi handia du niretzat. Lehia askotan parte hartu dut, eta txapelketaz txapelketa, gero eta gehiago harritu naiz nire buruarekin. Izan ere, pentsatzen nuen irabaz nezakeela, baina ez nekien lortuko nuenik. Kopa irabaztea eta kristalezko globoa eskuratzea izugarria izan da.
Snowboard cross modalitatean urrezko domina lortu duzu Munduko Txapelketan, eta zilarrezkoa banked slalom modalitatean. Zertan datza modalitate bakoitza?
Banked slalomean goratutako bihurguneak izaten dira ibilbidean, eta eskiko probetan bezala, slalom zirkuitu bat igarotzen dugu. Snowboard cross modalitatean, berriz, hainbat salto dituen jaitsiera gauzatu behar izaten dugu.
Denboraldirako zenituen helburuak bete al dituzu?
Bai, bete ditut. Baina emaitzaz haratago, oso pozik nago lasterketetan izan dudan errendimenduarekin. Izan ere, denbora luzean aritu naiz probak prestatzen. Oso ondo atera da dena, eta oso pozik nago egindako lanarekin.
Nola prestatzen dituzu txapelketak?
Lan handia egin behar izaten da. Garrantzitsuenak elurretako entrenamendu teknikoak badira ere, saiatzen gara ditugun kirol instalazioetan [Vielhan igarotzen du denboraldia] ahal dugun gehien entrenatzen. Horrez gain, entrenamendu fisikoak ere egiten ditugu, oso garrantzitsua delako indartsu eta bizi egotea. Alde psikologikoa ere asko lantzen dut; psikologoekin lantzen dugu txapelketetan-eta sortzen diren urduritasuna nola kudeatu. Izan ere, txapelketetan jaitsiera bat egiteko minutu inguru behar izaten dugu, baina une hori iristeko zain egun eta ordu asko pasatzen ditugu, errutina jakin bat jarraitzen dugu, eta ikasi egin behar da egoera kudeatzen. Bestalde, oso garrantzitsua da atsedena hartzea, eta osasuntsu egoteko jan-edana kontrolatzea ere bai; asko eta ondo jan behar izaten dugu, kaloria asko erretzen ditugulako lehian.
Oso exijentea zarela esan izan duzu. Asetu al duzu gorenera iristeko nahi hori?
Bai, hala naiz. Munduko Txapelketan, banked slalom modalitatean bigarren sailkatu nintzen, baina irabaztea nahi nuen nik. Dena den, konturatu naiz badakidala nire buruari egindako lana eskertzen. Ezin da emaitza jarri helburutzat, dena oso frustagarria izango litzatekeelako. Errendimendu maila ona eman, ahalik eta ondoen egiten saiatu eta teknikoki lan oso ona egin izanarekin gelditzen naiz.
Goi mailan aritzeko, gorputza entrenatzea bezain garrantzitsua da, beraz, burua lantzea, ezta?
Nik egiaztatu ahal izan dut buruak ondo ez badu funtzionatzen... Egin ditzakezu nahi dituzun entrenamendu guztiak, baina buruak laguntzen ez baldin badizu, oso zaila da helburuak lortzea. Burua bere lekuan izan behar duzu eta ondo sentitu behar duzu zeure buruarekin; horrela iristen dira emaitza gehienak. Horregatik, elurretan eta gimnasioan entrenatzen dugun gisan, oso garrantzitsua da kirol psikologo batekin lan egitea.
2018an hasi zinen snowboardean lehiatzen. Sei urtean balentriaz bete duzu ibilbidea. Atzera begiratuta, zer sentitzen duzu?
Sei urte dira lehian hasi nintzela, baina atzera begiratuta, iruditzen zait bizitza oso bat daramadala horretan. Izan ere, azkar hasi zen dena, azkar egin nuen aurrera eta une pila bat bizi izan ditut. Asko hazi naiz snowboardari esker; adibidez, nire buruaz gauza pila bat ikasi ditut kirol horri esker. Atzera begiratuta, esan dezaket oso eskertuta nagoela bizitzak snowboarda parez pare jarri eta horretan jarraitzeko aukera eman didalako. Ahalik eta urrunen iristen saiatuko naiz.
Datorren urtean Paralinpiar Jokoak izango dira Italian, baina zuen diziplinan ez duzue lehiatzeko aukerarik izango. Zergatik?
Oso zaila da Paralinpiar Jokoetan parte hartzea, gurpil zoro moduko bat bilakatu delako kontua. Nazionalitate kopuru jakin bat behar da diziplina bateko lehia egin ahal izateko, eta momentuz besoa falta duten kirolarien diziplina ez denez aritzen jokoetan, federazioek ez dute kirolari horien aldeko apusturik egiten. Ondorioz, besoa falta dugunok ez dugu aukerarik Paralinpiar Jokoetan parte hartzeko, eta federazioek ez dute ezer egiten hori aldatzeko. Ikusezinak garela dirudi batzuetan, baina ari dira batzuk eta besteak saiakerak egiten, eta ea lortzen dugun 2030erako jokoetan sartzea.