Tom Lizarazu: "Sorkuntzak merezi du horrelako pausa bat"

Andoni Elduaien-Urtzi Oteiza 2025eko azaroaren 9a

Azken urteetan Euskal Herriko pop eszenaren talde arrakastatsuenetako bat bihurtu da Bulego. Orain, ordea, urtebetetik gorako geldialdia egingo du Azkoitiko musika taldeak. Nolanahi ere, taldeak jakinarazi du dagoeneko atseden horren amaiera data zein den: 2027ko martxoaren 6an itzuliko dira agertokietara, Bilboko Miribillan. Gukak bi sarrera bikoitz ditu Gukakideen artean zozkatzeko.

Azkoitiko Bulego musika taldeak urte eta erdi inguruko geldialdia egingo du 2027ko martxoaren 6ra arte. Data hori ailegatu arte, musika taldeak dituen asmoez eta itzuleraz hitz egin du Tom Lizarazu (Azkoitia, 1993) musika taldeko abeslariak. 

Euskalduna jauregian eskainitako hiru kontzertuekin atzean utzi duzue Bulegoren aurreneko etapa. Orain, urte eta erdiz agertokietatik kanpo izango zarete. Une bereziak izango dira zuentzat, ezta? 

Bai, oso bereziak dira. Duela bost urte hasi ginen proiektu honekin, eta bizipen pila bat gozatzeko aukera izan dugu. Azkoitiko Oteizaren frontoietan eskaini genuen aurreneko kontzertua, pandemia garaian eman genuen Herria berpizten izeneko emanaldian. Ordea, orain arteko bizipenik ederrenetakoa izan da Euskalduna jauregian hiru kontzertu eskaini ahal izatea eta hiruretan aulki guztiak beteta izatea. 6.600 pertsona inguru bildu ditugu, eta egundoko babesa sentitu dugu. Tokia ere apartekoa da. Euskalduna jauregia beteta ikustea zirraragarria izan da. Emozionalki gehigarri bat izan dugu, gainera, bai baitakigu denbora batez agertokiak zapaldu gabe egongo garen horrekin azken kontzertuak izan direla. Oso hunkituta eta pozik gaude, era berean.

Arrakastaren erdian zaudetela erabaki duzue gelditzea. Zer arrazoik bultzatu zaituzte horretara?

Arrazoi asko daude tartean, ez gaitu arrazoi bakar batek eraman erabaki hori hartzera. Alde batetik, iruditzen zitzaigun une egokia zela talde bezala urtebete oso bat sorkuntzari eskaintzea. Bulegoren aurreneko urteetan, sorkuntza eta beste lan batzuk eraman genituen paraleloan; ondorengo urteetan, sorkuntza eta bira aldi berean; bien bitartean, sortzen, konposatzen, estudioan grabatzen eta bideoklipak grabatzen ibili gara. Bagenuen urtebete bat lasai hartzeko eta bakarrik sorkuntzari eskaintzeko gogoa, bai kanta berriak egiteko, bai proiektuaren oinarriak ondo sendotzeko eta bideratzeko. 2026. urtean gure helburu nagusia izango da sortzea eta sorkuntzari kalitatezko denbora eskaintzea.

Eta erabaki duzue horretarako unea orain dela. Zergatik da orain une perfektua?

Ez dakit une perfektua den edo ez. Geuk ere zalantza handiak izan ditugu, erabaki hau ez da-eta bat-batean sortutako zerbait. Momentu gozoa ari gara bizitzen Bulegon, eta horrek sortzen zigun gelditzeko une egokia ote zen edo ez zalantza. Euskal Herrian, oro har, eta atzerrian, antsietate handiarekin bizitzen ari gara dena, eta musikaren industrian bereziki nabaritzen da hori. Egoera horretatik ateratzeko bulkada bat izan dugu taldean. Izan genuen gurpil horretan edota gauzak azkartasun horretan egiten segitzekoa tentazioa ere, baina, era berean, barruko beste zerbaitek eskatzen zigun gelditzeko, antsietate horretatik eta abiadura handiko egoera horretatik apartatzeko. Abestirik ez baduzu kaleratzen, badirudi denbora gutxian ahanztura batean sartzeko arriskua duzula, eta nahi genuen gauza desberdinak egitearen aldeko apustua egitea.

Bulego hasieratik izan da gauzak desberdin egitearen alde apustu egin duen taldea. Herria berpizten izeneko kontzertu hura izan zen horren adierazle bat. Pandemia garaian, inork irudikatzen ez zuenean, kontzertu bat iragarri eta zera esan genuen: “Gune ireki batean kontzertu bat eskainiko dugu, eta hemen, Azkoitian izango da”. Hasieratik izan dugu berritzailea izateko nortasuna, eta geldialdi honen arrazoia bada horren erakusle: antsietate eta joera nagusi horretatik alde egin, barrura begira jarri eta gauzak lasai egiteko gogoa dugu.

"Urtebete sorkuntzari eskaintzeak ekarriko ditu aldaketa handiak Bulegon"

Talde aktiboa, energiaz betea, da Bulego. Dena den, han eta hemen ibili zarete azken urteetan, Euskal Herrian bezala, atzerrian. Erritmo horretan ibiltzeak nekatu al zaituzte?

Ezetz esango nuke. Nekearena ukaezina da, azken bost urte hauek oso biziak izan dira eta. Hasieran, taldekideok geure beste lan batzuekin bateratzen genuen musika taldea. Horrez gain, Euskal Herriko eta atzerriko biretan ibili gara… Aurten Londresen eta AEBetan egon gara, iaz Japonian, duela bi urte Finlandian… Urte mordoa dira gauza pila bat egiten. Lehen aipatu dut, baina paraleloki diskoak grabatzen aritu gara; uste dut 32 kanta berri kaleratu ditugula. Gauza pila bat egin ditugu, eta noski, nekea badugu, fisikoa gehiago burukoa baino. Era berean, zuzenekoek energia pila bat ematen digute, eta alde horretatik, uste dut edukiko genukeela aurrera egiteko gaitasuna. Ordea, zerbaitek gelditzera bultzatu gaitu eta gauzak lasaiago hartzera. Sorkuntzak merezi du horrelako pausa bat. Aspermenak ere ekartzen du sorkuntzan hobekuntza, eta nahitasun horrekin helburu hori lortzera joko dugu 2026. urtean.

Zeuk esan duzu, epe motzean ezer ez bada kaleratzen, ahanzturan erortzeko arriskua dagoela. Urte eta erdi inguruz agertokietatik kanpo egongo zaretela jakinda, arrisku hori aintzat hartuko zenuten, ezta?

Horrek erakusten du geure buruarekin konfiantza dugula, eta, batez ere, gauzak normal egiteko gogoz gaudela. Gauzak azkar egiteko joera dago gizarteko arlo guztietan. Adibidez, sare sozialetan ez badugu argitaratzen oporretan egon garela, badirudi ez garela egon. Iruditzen zait, bai musika talde bezala, bai norbanako bezala, ariketa hori sarriago egin beharko genukeela; fokutik aldendu, sareen eta azkartasunaren gurpiletik atera eta ea zer gertatzen den ikusi. Bulegon apustu hori egiteko gogoa sortu da, eta erronka hartu dugu. Taldekide guztiok ados gaude erabaki horrekin, eta ziur nago onerako izango dela.

Dena den, eten hau ez da ezeren amaiera izango; hori argi esan duzue. Itzultzeko zoazte. Zuek hartu duzuen erabaki hau hitz bakar batean deskribatzeko modurik onena geldiunea da, hitzak berak dioen moduan, gelditzeko unea da. Horrela egingo al duzue zuek? Dagoeneko iragarri duzue 2027ko martxoaren 6an Bilboko Miribillan itzuliko zaretela.

Gure asmoa da 2026. urtean fokutik ateratzea. Ez dugu kontzerturik eskainiko ez Euskal Herrian, ez atzerrian, ezta inolako formatu desberdinetan ere. Ordea, lanean jarraituko dugu, lanean segitu nahi dugu, eta sorkuntzari bideratuko diogu urte hori. Izango da sortzeko urtea, kanta nahiz bideoklip berriak jaiotzeko urtea eta irudi berria egiteko urtea. Ez dakigu horrek guztiak zer forma hartuko duen; pentsatzen dugu disko batekin amaituko dela guztia, baina ez dugu ezer itxi nahi. Dakiguna da, 2027ko martxoaren 6an itzuliko garela orain arte ilusio gehien egin digun pauso handiena ematera, Bilbon, Bizkaian, Miribillan, kontzertu bat eskainiz.

Ezer aurreratzeko goiz da, beharbada. Aurreratu duzu, ordea, berrikuntzetan murgilduko zaretela. Aldaketarik ekarriko du berrikuntza horrek Bulego taldera?

Baietz esango nuke. Aldetu aurretik gure azken diskotik atera genuen ondorio nagusienetako bat izan zen, onartu behar genuela aldaketa etengabe bat garela, eta hori dela gure konstante bakarra. Urtebete sorkuntzari eskaintzeak ekarriko ditu aldaketa handiak Bulegon. Gauzak lasai hartzeko aukera izango dugu, gauzak ondo pentsatzekoa. Gure asmoa ez da erradikalki ezer aldatzea. Gure esentziari eutsiko diogu, esentzia berritzaileari, euskararen aldeko esentziari… Gure inguruan sortzen ari den komunitatean ikusten den aniztasunaren aldeko apustua mantenduko dugu, baina beste heldutasun batekin eta gauzak lasai pentsatuta nahiz eginda itzuliko gara. Ikusiko dugu abestiek nora bideratzen gaituzten. Gure asmoa da bihotzetik abestea eta bihotzari kasu egitea, eta iruditzen zait atseden horrek hori bideratuko duela.

Hamabost hilabete falta dira itzulera kontzerturako. Sarrerak egunotan aterako dituzue salmentara, ezta?

Sarreren salmenta orokorra azaroaren 14an, ostiralez, 10:00etan zabalduko dugu. Dena den, Bulegoko komunitateko kideentzat aurre-salmenta esklusiboa aurreko egunean, azaroaren 13an, zabalduko dugu, 10:00etan.

Goiz da oraindik ezer esateko, baina kontzertu horretara begira, zer asmo dituzue?

Oraindik goiz da horretan pentsatzen hasteko. Orain arte ilusio handiena egin digun pausoa da. Areto handia da Miribilla, eta kontzertu horretaz oraingoz dakigun gauza bakarra da urtebete sorkuntzari eskaini izanaren emaitza izango dela. Miribillan ikusiko dute argia gure lan berriak eta Bulego berriak, nahiz eta esentzia mantenduko duen. Data zehaztu izanak jartzen du halako mugarri handi bat. Bulegoren orain arteko ospakizunik handiena izango da, egunik bereziena. Euskaldunan bizitako emozioen zurrunbiloan gauden arren, burua dagoeneko Miribillako kontzertuan dugu jarrita. Ari gara buruari bueltak ematen, hausnartzen kontzertu bat berezi nola egin, nola egin intimoa, nola egin handi, polit eta Bulegoren erara. Nahi dugu gurea den zerbait sortzea. Zalantzarik ez dugu polita izango dela.

"Euskaldunan bizitako emozioen zurrunbiloan gauden arren, burua dagoeneko Miribillako kontzertuan dugu jarrita"

Bilboko Euskalduna jauregian itxi duzue lehen etapa, eta Bilboko Miribillan irekiko duzue bigarren aroa. Zergatik hautatu duzue kontzertua han eskaintzea?

Toki eta data pila bat proposatu genituen. Barruko lanketa bat egiten egon gara, guretzat pausorik naturalena zein litzatekeen ikusteko. Toki desberdinak bisitatu ditugu, teknikoki leku asko aztertu ditugu. Miribilla gune handi bat da, uste dut orain arte jendaurrean aritu garen lekuen aldean handiena dela; ia 10.000 pertsonentzako lekua du aretoak. Dena den, badu gertuko izaera, eta han beste taldeen kontzertuak ikusten izan garenean hori sentitu dugu. Bagenituen mahai gainean beste toki batzuk ere aukeran, baina ez genuen sentitzen orain guretzat pauso naturala litzatekeenik, adibidez, BECera, Ilunbera edo Donostiako belodromora joatea. Ikusten genuen gune horiek beste dimentsio edo magnitude batekoak direla, eta nahi genuen oraindik gure hurrengo pausoan gertutasun hori eskaintzea. Eta Miribillak hori eskaintzen du: jende asko sartzen den toki bat da, baina, era berean, oso gertukoa eta oso goxoa da. Saiatuko gara esandako hori guztia lortzen Miribillako kontzertuan.

Taldea eratu eta martxa hartu zenutenean, sartzen al zen zuen buruetan halako proiekturik?

Oso ameslariak izan gara betidanik, bereziki, gure taldean Xabi [Arrieta] izan da handira pentsatzekoa, edo, behintzat, horrela ateratzen zaio naturalki. Nik neuk, pertsonalki, ez nuen inoiz imajinatu Bulegorekin Miribilla bezalako toki batean kontzertu bat ematea planteatzeko pribilegiorik izango nukeenik, edota Euskalduna jauregia hiru aldiz beteta ikusiko nukeenik. Hala ere, dimentsioa oso gauza ederra da, eta bizi esperientzia bezala kristorena; Euskalduna hiru bider beteta ikusteko aukera izan dugu gure taldearekin, gure kantekin eta gure musikarekin. Ordea, azpimarratuko nuke jarraitzaileen gertutasuna. Joaten garen tokira joaten garela, komunitate bat ari da sortzen Bulegoren inguruan,  oso berezia, aniztasuna ardatz duena. Kontzertuetan profil pila bateko jendea ikusten dugu, hala nola ikusten dira familiak edota gurasoak seme-alabekin, kontzertuetan litroak egiten ari diren gazte kuadrillak, lanetik kontzertua ikustera joateko plana egin duten lagun taldeak… Musikak jendea biltzeko gaitasuna du, jende desberdin asko biltzekoa, eta niretzat, pertsonalki, hori da Bulegorekin dudan pribilegiorik handiena. Tamaina baino, nortasuna.

Nola laburbilduko zenuke Bulegoren orain arteko bidaia hitz bakarrean?

Bizia, frenetikoa.

Eta etorriko dena, 2027. urtetik aurrerakoa?

Ilusionagarria, ilusioz beteta planteatzen dugun zerbait.

Zuentzat etena izango den moduan, zuen zaleentzat ere izango da. Atseden hartzera zoazten honetan, zer esan nahi diezu haiei?

Bulegoren pausorik ederrak jaiotzear eta etortzea daudela, eta gu horiek bizitzeko deseatzen gaudela.

Erlazionatuak

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide