Dotrina bat eta bakarra

Mailo Oiarzabal 2025eko azaroaren 5a

Frankismo garaiko ikasgela baten irudikapena, EHUren Donostiako campuseko Hezkuntzaren Museoan. (Mailo Oiarzabal)

1936an estatu kolpea eman zutenek berehala ezarri zituzten beren ideia erreakzionarioak hezkuntzan ere. Gurutzez, Francoren irudiz eta Espainiako nazionalismoz bete ziren eskolak. Guka Francoren heriotzaren 50. urtemuga dela-eta egiten ari den lanketako bigarren erreportajea da honako hau.

Espainiako Bigarren Errepublikan (1931-1939) ezarritako lege, arau eta neurri aurrerakoi guztiak ezabatzea, eta lege, arau zein neurri horien sustatzaileak eta babesleak gogor zigortzea eta jazartzea. Horiek izan ziren 1936ko gerra amaitu orduko –eta amaitu aurretik ere bai– hasi zen diktaduraren lehen egitekoak.

1931ko Konstituzioak estatuaren laikotasuna aldarrikatzen zuen: Eliza eta Estatua elkarrengandik banatzea ez ezik, erlijioa jarduera politikotik erabat baztertzea onesten zuen. Hezkuntzan ere, "Errepublikak Eliza eskoletatik atera nahi zuen erabat", dio Joxe Garmendiak (Azkoitia, 1959). EHUren Hezkuntza fakultateko irakasle eta ikertzaile ohia, La enseñanza rural en Gipuzkoa. La labor de la diputación y los ayuntamientos (1900-1950) tesiaren eta Azkoitiko bailaretako eskolak, 1824-1977 liburuaren egilea da, besteak beste, Garmendia. Errepublikaren kontra altxatu zirenek gerra irabazi zuten, ordea, eta Errepublikaren aurretik zuen indarra berreskuratu ez ezik, areagotu egin zuen Elizak hezkuntzan. Nazionalkatolizismoa inposatzeko tresna ezinbesteko bihurtu ziren eskolak.

Soka motzean

Gerra aurretik, herrigune nagusietan eskola nazionalak eta erlijiosoak –mutilenak alde batetik eta neskenak bestetik, oro har– eta landa eremuan hogeitaka bailara eskola zeuden Urola Kostan. Ordena erlijiosoen kopurua eta eragina nabarmenak ziren, bereziki, Azpeitian, Loiolako santutegiaren bueltan. Garmendiaren esanetan, "Errepublikak hezkuntzan ekindako iraultza deusezteko, Francok ez zeukan hezkuntza plangintzarik. Orduan, Elizari eskatu zion muntatzeko plangintza bat".

Eskola berria sortzeko eta ideologia erreakzionarioa inposatzeko lehen pausoa, baina, "Errepublika garaiko hezkuntzarekin zerikusia zuen guztia desegitea" izan zen. Herriak okupatu ahala, bakoitzeko maisu-maistren jarraipen estua egitea eskatu zieten alkate berriei. Errepublikaren aldekoak edota "espainiar nazionaltasunarekin bat ez" zetozenak –euskal edo kataluniar abertzaleak, espresuki– "zorrotz" zigortu zituzten: "Hainbat maisu-maistrak beren herrietatik alde egin behar izan zuten, beste asko beren eskoletatik kanporatuak izan ziren. Gobernu Zibiletik zetozen aginduak bete beharra zegoen, bestela heriotza zigorra edo desterrua jasateko arriskua zegoen".

"Nazionalista" izateagatik beren eskoletatik bota eta irakaskuntzatik baztertu zituztenen artean, Urola Kostako eskola txikietako hamar maisu-maistra zerrendatu zituen Garmendiak bere tesian: Aian, Ramon Zabaleta (Laurgaingo maisua eta apaiza); Azkoitian, Salustiano Etxezarreta (Martirietako maisua), Maria Aranbarri (Urrategiko maistra), Polonia Astigarraga (Zubazu baserriko maistra), Eusebia Arregi (Urazarri baserrikoa) eta Justa Iturzaeta (Agarre-Portillos baserrikoa); Azpeitian, Felisa Barber Olazko komentuko katekista nafarra –Sevillara (Espainia) desterratu zuten– eta eskola bereko Jesusa Aranguren azpeitiarra; Zestoan, Iraetako eskolako Carmen Gorriti eta Errekaldeko Jacoba Gorriti. Kaleko hainbat irakaslek ere pairatu zituzten zigorrak; eta baserrietako eskola jabeek ere bai. "Gerra ondoren, eskola denak soka motzean zeuden kontrolatuta".

Azpeitian erregimen berriaren depurazioa jasan zuten Barberrek eta Arangurenek Loiolako bailara eskolaren ardura izan zuten gerra aurretik, eta euskaraz nahiz gaztelaniaz irakasten zuten. Manuel Mendiola Loiolako jesuitak emandako liburuak baliatzen zituzten euskarazko edukiak lantzeko, "Olazko lekaime askoren isilean", Arangurenek berak Garmendiari kontatutakoaren arabera: Xabiertxo, Lutelesti, nekazaritzako irakurgaiak... Maistra laguntzaile baino lehen, Barberren ikasle izan zen Aranguren Olatzen; nafarrak berarekin zein kide euskaldun elebakarrekin izandako esperientziatik ikasi zuela zioen Auzaraza baserrikoak: "Euskara bultzatzerakoan, Barberrek gogoan zuen gurekin gertaturikoa. Euskaldun elebakarrak ginenez, eskolan hasi eta klasea gaztelaniaz ematen zigutenez, ezer ikasi gabe gelditzea".

Ikurrak eta zigorrak

Errepublikaren urteetan eta aurretik ere euskara eta euskal kultura hezkuntzan txertatzeko izandako ahalegin apurrak zanpatuta gelditu ziren gerraostean. Gurutzez eta Francoren argazkiz bete ziren eskola guztietako hormak, Espainiako banderaz ikasgela zokoak eta leihoak, Cara al sol Falangearen ereserkia egunero entzun zitekeen eskola askotako patioetan, eta Franco baino askoz lehenago ere ikasleen artean euskararen erabilera zigortzeko erabiltzen ziren eraztunak eta alanbreak indarrez itzuli ziren irakaskuntzara.

Honela kontatu zizkion Pilar Unanuek Garmendiari, 1940ko hamarkadan Felisa Kortak gidatzen zuen Aratzerrekako eskolako bizipenak: "Eguna bukatzen zenean alanbrea zuenak txakur txikia ordaindu behar izaten zuen. Multiplicar eta sumar ere ikasi genituen; dividir, bi numerorekin. Inor ez zen etortzen errebisatzera. [...] Eskolan 6-8 urteko ikasleak egoten ziren eta joatea etxeko lanaren arabera izaten zen. Esaminik ez zen egoten. Ikasleen lana izaten zen egurra ekartzea. Ikasleek ere ordaintzen zuten, huskeria bat. Maistra hark gauean partikular ematen zien eskola mutilei eta haiek ordaindu egiten zuten. Gelan Francoren argazkiak, gurutzeak eta Espainiako bandera genituen. Liburu elebiduna ere erabiltzen genuen, zati bat euskaraz eta bestea erdaraz zuen".

1950eko urteetan eta 1960ko hasierakoetan, Azkoitiko nazionaletan ere, ñabardurak ñabardura, lepo beretik zuten burua frankismoak eta nazionalkatolizismoak. 3 urterekin hasi eta 14 urte bete arte ibili zen han eskolan Izaskun Alberdi (Azkoitia, 1950). Hiru maistra izan zituen, eta gozotik oso garratzera doaz haietaz dituen oroitzapenak. 6 urtera arte irakasle izan zuen señorita Maria Jesus "zoragarria" zen, Alberdirentzat; Aizarnako Rufina Azkue izan zen azkoitiarraren bigarren maistra, "gogorra, diziplina zorrotza ezartzen zuen horietakoa", baina "ez frankista porrokatuetakoa". Azkena, aldiz, "beldurgarria" hitzarekin deskribatu du Alberdik: "Nafarra zen, Ascension Alfaro. 'Hartu hitunan ederrak', esaten zidaten hura gogora ekarritakoan. 'Bai, Jesukristo gurutzean jarri zutela, ba ni zutoin ondoan', erantzuten nien. Harekin, oso gaizki, ni, behintzat. Gainera, oso klasista zen: medikuaren alaba, ez dakit zeinen alaba... haiekin, oso ondo; baina gu, 'normalok', anormal".

Azkoitiko nazionaletan, mutilek bakarrik kantatzen zuten Cara al sol. Baina Espainiako bandera egunero atera behar izaten zuten balkoira neskek, txandaka. Gerra garaian herritik alde egin behar izan zuten gurasoen alabek, Alberdik eta ahizpek, ordea, ez zuten txanda betetzen: "Etxean debekatuta geneukan hori egitea; eta, bandera ez bagenuen ipintzen, zigorra geneukan. Arratsaldean, bostetan eskolan gelditu eta mila aldiz idatzi zera edo bestea. Txiki-txikitatik erakutsi ziguten Francoren kontrako izaten, eta kito".

"Espainia bat, handia eta librea" aldarrikatzen zuen frankismoak eskolan ere, nazio bat eta hizkuntza bakarra, eta horiekiko atxikimendua sustatzeko berariazko ikasgaia ere sortu zuten 1950eko hamarkadan: Formación del Espíritu Nacional (FEN), diktaduraren azken urteetan Formación política izena hartuko zuena. Alberdik ezagutu zuen FEN. Hain zuzen ere, eskola agiria jaso ahal izateko "derrigorrezkoa" izan zuen Donostian, Falangearen Seccion Femeninaren egoitzan, azken azterketa egitea eta gainditzea; otarrea edo canastilla ere eraman behar izaten zuten ikasleek Donostiara, opariz beteta.

1970eko legea

Gizarteko beste arlo askotan bezala, hezkuntzan ere 'modernitate' zantzuak antzematen hasi ziren diktaduraren azken urteetan, eta 1970eko Hezkuntzako Lege Orokorra da horren erakusgarri.

Besteak beste, OHO edo EGBren etorrera, eskola txikien desagertzea eta tokian tokiko hizkuntzekiko nolabaiteko gerturatzea ekarri zituen lege horrek.

Erlazionatuak

"20 urte genituen, eta mundua egiteko"

Mailo Oiarzabal aza 05, 09:26

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide