"20 urte genituen, eta mundua egiteko"

Mailo Oiarzabal 2025eko azaroaren 5a

Ikasleak Artxamendi atarian, jaialdi batean, 1973an. (Utzitakoa)

Frankismoa artean indarrean zela joan ziren sortzen ikastolak han eta hemen, baita Urola Kostan ere diktaduraren hezkuntza eredutik ihes egiteko, eta euskarari zein euskal kulturari arnasa emateko.

Frankismoak, Garmendiak aipatu bezala, Elizaren esku utzi zuen, hein handi batean eta kontrol ideologiko zorrotza alde batera utzi gabe, nazionalkatolizismoa hedatuko zuen hezkuntzaren antolakuntza. Horrek, besteak beste, ordena erlijiosoei ikastetxeak irekitzeko "eskumen handia eta erraztasunak" ematea ekarri zuen, baita parrokiei ere. "Horregatik sortu ziren eskola eta ikastola mordoa hemen Elizaren mendeko gisa, haiek eskumen zabala zutelako eskolak martxan jartzeko", zehaztu du Garmendiak.

1960tik Franco hil bitartean, "perretxikoak bezala" joan ziren sortzen ikastolak Hego Euskal Herrian, gehienak Gipuzkoan. Urola Kostan, 1965etik 1972ra, zortzi ikastola jarri zituzten martxan: Zarauzko Salbatore Mitxelena eta Azpeitikoa, 1965-1966 ikasturtean; Zestoakoa eta Zumaiako lehen ikastola, 1966-1967 ikasturtean; Azkoitikoa, 1969-1970 ikasturtean; eta Arroakoa, Oriokoa eta Urrestillakoa, 1971n. Zumaian, azkenik, Zumea ikastola abian jarri zuten 1972an. Gehienak edo ia guztiak, Elizaren aterpean sortu zituzten.

Olatu baten aparretan

Azkoitiko nazionaletako ikasle ez ezik, Azkoitiko ikastolako lehen andereñoetakoa izan zen Izaskun Alberdi. Haren lagun Mari Karmen Zubiaurre izan zen lehendabizikoa: 1970eko urtarrilean ekin zion hark ikastolan lehen eskolak emateari, lau ikaslerekin. Martxorako hamazazpi bat ume zeuden dagoeneko ikastolan izena emanda, eta orduan hasi zen han Alberdi. Parrokiako kantzela izan zen ikastolaren lehen egoitza, egoera "beldurgarrian" zegoen lokala, Alberdiren esanetan: "Hotza, zaharra... eskailera haiek... ai ama! Baina, 20 urte genituen, eta mundua egiteko". 1970eko udan aldatu zuten tokiz ikastola, Artxamendira, gaur egun ertzainetxea dagoen tokian zegoen txaletera; hura ere Elizaren eraikina zen.

Alberdik aipatutako "mundua egiteko" hori esanguratsua da, garai hartako egoeraren isla ere badelako, nolabait. Ikastolen loratzea "bor-borka hasia zen gizartearen testuinguruan" kokatu du, izan ere, Garmendiak. Diktaduraren errepresioari aurre eginez, euskara eta euskal nortasuna ez galtzeko antolatu zen gizarte mugimendua zegoen ikastola berrien oinarrian, baina ez zen izan urte haietako bakarra, kultur eta kirol elkarteak, nuklearren kontrako mugimendua eta beste hainbat aipatu ditu Garmendiak.

Alberdik, bere aldetik, Azkoitiko ikastolaren sorrera ahalbidetu zuten herritarren lana ekarri du gogora, tartean Itziar bere ahizpa zenarena, eta ikastolako lehen gurasoen inplikazioa ere bai. "Batzorde pedagogikoa eta administratiboa genituen. Pedagogikoan sartzen ziren gurasoak, ahal bazen, ofizioren batean aritzen zirenak: arotzak, igeltseroak, linterneroak.... Polit-polita ipini zuten Artxamendi. Forjasen bulegoetako ateak aldatu behar zituztela, eta hango ateak ekarri zituzten... Giro ederrean egiten genuen lan benetan; esaten dut, orain ere horrelaxe beharko genukeela aritu, zenbait gauza egiteko".

Elizaren mantupean sortutako ikastolak beren kasa bidea egiten hasi ziren Franco hil ondoren.

Bihar, frankismoan emakumeek legez zein egitez bizi zuten mendekotasunari lotutako erreportajea kaleratuko du Gukak, Frankismoa: orbainaren mintzoa seriearen barruan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide