Beizaman %10 igoko dute zaborraren gaineko zerga

Ane Olaizola 2025ko urr. 29a, 09:22

Beizamako udaletxea. (Wikipedia)

Europako Zuzendaritzaren legea ezarrita, Aizarnazabalgo Udalak ere %6 igoko die hondakinen gaineko zerga etxebizitzei. Beizaman zein Aizarnazabalen, aho batez onartu dituzte ordenantzak. 

Beizamako Udalak urriko udalbatzarra egin zuen ostiralean, eta datorren urteko ordenantza fiskalak onartu zituen aho batez. Herritarrek zaborraren gaineko zergan antzemango dute aldaketarik handiena 2026. urtean, erakundeak %10 igoko baitu zerbitzu horren zerga.

Beste udal guztiek bezala, Beizamakoak ere Europako Zuzendaritzaren legea bete dezan onartu dute udal ordezkariek zaborraren gaineko zerga igotzea. Izan ere, lege horrek zehazten du, zaborraren zerbitzua defizitarioa bada, herritarrek ordaindu beharko dutela berdindu arteko aldea. "Aurten %20ko igoera izan du zaborraren tasak Beizaman. Hala ere, ikusi dugu oraindik handiagoa dela udalak mankomunitateari ordaintzen dion kopurua, erakundeak herritarrengandik jasotzen duena baino", arrazoitu du udalak neurria. 

Horrez gain, Ondasun Higiezinen gaineko Zergan (OHZ) ere igoerarik antzemango dute herritarrek. Izan ere, udalak azaldu du Beizaman orain arte ezarria zuten zerga Gipuzkoako baxuena zela, "alde handiarekin". Horrenbestez, lurraldeko OHZ baxuenarekin parekatu du Beizamako Udalak datorren urteko zerga hori, eta %0,09tik %0,12ra igo du erakundeak herritarrek etxebizitzen gainean ordaintzen duten zenbatekoa. Udalak eskaintzen dituen zerbitzuengatik herritarrek ordaintzen dituzten tasak, bestalde, gaur-gaurkoz dagoen urte arteko KPIaren arabera igoko dituzte datorren urtean; %3,3, zehazki. 

Era berean, Beizamako herrigunetik Aginamendi auzora doan errepidea konpontzea ere onartu zuen udalak ostiralean. Erakundeak azaldu duenez, egoera kaskarrean dago errepide hori, eta besteak beste, hango zuloak asfaltatuko dituzte. Asfaltia enpresari esleitu dizkiote lanak, eta enpresa horrek ia 80.000 euroko aurrekontua izango du obrak egiteko. 

Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik jasoko duten diru laguntzaren eraginez, udalak bi fasetan gauzatuko ditu konponketa lanak, eta aurrenekoa urtea amaitu baino lehen bukatuko dute. Bigarren zatiari, berriz, datorren urtearen hasieran ekingo dio erakundeak, eta udalak aurreratu du "nahiko jarraian" egingo dituztela bi faseak, herritarrei ahalik eta eragozpen gutxien sortzeko asmoz. 

Aginamendi auzoan ez ezik, udaletxean ere egingo dituzte hainbat obra datorren urtean. Hain zuzen, irisgarritasuna bermatzeko asmoz, igogailua jarriko dute eraikinean, eta horretarako baldintzak onartu zituzten udalbatzarrean. Gainera, udaletxearen goiko solairuan dauden hainbat gela ere egokituko dituzte herritarren erabilerarako. "Asmoa da gela handi samar bat sortzea herrian behar diren gauzak antolatu ahal izateko", esan du udalak. 

Aizarnazabalen ere gora

Beizaman bezala, Aizarnazabalen ere onartu dituzte datorren urteko udal tasak eta zergak, eta hango herritarrek ere hondakinen gaineko zergan nabarituko dute alderik handiena 2026an, Europako lege berbera medio. Etxebizitzei, lokalei, ostatuei, elkarteei, landa turismoei eta antzeko ostalaritza guneei zein bost langile arteko industria enpresei %6 igoko diete zaborraren gaineko zerga; sei eta hogei langile bitarteko lantegiei, berriz, %34,74 igoko diete –ehun bat euro hiruhilero–; eta 21 beharginetik gorako enpresei, %43,24 –berrehun euro hiruhilero–. Gainontzeko udal zerga guztiak, bestalde, %2,7 igoko dituzte. Aizarnazabalen ere aho batez onartu dituzte ordenantza fiskalak. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide