Frankismoaren azken hilketak oroituko dituzte datorren ostegunean, azaroaren 30ean, Espainiako Kongresuan, eta ondorioz, omenaldia jasoko dute Angel Otaegik eta Juan Paredes Manot Txiki-k. Omenaldia egitea ontzat jo dute haien senideek, Mertxe Urtuzaga Otaegiren lehengusuaren arabera: "Omenaldia egitea, pauso hori ematea, ongi iruditzen zaigu, baina ez zaigu nahikoa iruditzen".
Izan ere, 1975eko irailaren 27an, bi etakideez gain Joxe Humberto Baena, Jose Luis Sanchez-Bravo eta Ramon Garcia FRAPeko kideak ere hil zituen Francoren erregimenak –Guardia Zibilak hil zituen bostak Burgosen, Bartzelonan nahiz Madrilen–, eta haietako biri, Baenari eta Sanchez-Bravori biktima izaera gisa aitortu zien Espainiako Gobernuak; ez, ordea, beste hirurei. "Guk nahi duguna da Espainiako Gobernuak biktima izaera aitortzea gure senideei ere, eta justua izan ez zen epaiketa bat eginda fusilatu zituztela onartzea".
Txikiren eta Otaegiren senideek hedabideen bidez jakin dute ostegunean Espainiako Kongresuan haiei omenaldia egingo dietela. "Telebistako albistegian ikusi nuen nik, eta handik pixka batera Otaegiren anaiak deitu zidan. Familiak aurrez jakinaren gainean jartzea keinu polita izango zen", adierazi du Urtuzagak.
Hilketa haiek jazo zirenetik 50 urte bete direnean, omenaldia egingo diete Espainiako Gorteen jauregian. Hain zuzen ere, ekitaldia Diktaduraren Biktimen Egunaren bezperan egingo dute, eta gainera, hilketa haiez nahiz Francoren heriotzaren mende erdiko urteurrenaz solasaldia eskainiko dute Aroa Moreno eta Roger Mateos idazleek. Pedro Pastor abeslariak ere parte hartuko du hitzorduan. Kongresuko areto batean izango dira oroimen ekitaldiak. Diktadura garaiko biktimak aitortzeko xedez memoria demokratikoaren inguruko lanketa egiten ari da Espainiako Gobernua.