Hainbat mobilizazio izan dira arratsaldean zehar eskualdeetako herrietan Zarautzen izandako hilketa matxista salatzeko. 53 urteko emakume bat hiltzea leporatuta, 47 urteko gizon bat atxilotu du Ertzaintzak, eta Zarautzen ez ezik, Urola Kostako herrietan ehunka lagun atera da kalera gertatutakoa salatzera.
Zumaiako eta Orioko Mugimendu Feministako kideek Zarautzen mobilizatzeko deia egin dute, eta hara joan dira bertako zenbait herri eragilek elkarrekin hilketa matxista gaitzesteko deitutako mobilizazioan parte hartzera. Gainerako herrietan hainbat mobilizazio egin dituzte, batzuek Euskal Herriko Mugimendu Feministaren eta Emakumeen Mundu Martxako irakurketarekin eta besteek Itaia emakumeen antolakunde sozialistaren deialdiarekin bat eginda.
Mugimendu Feministaren deialdiarekin bat eginda mobilizatu da Azpeitiko Feministen Sarea eta Aiako asanblada feminista. Horiek bat egin dute Emakumeen Mundu Martxaren oharrarekin. Horiek oharrean gogoratu dute urteko seigarren hilketa matxista dela Zarauzkoa, eta babesa eskaini diete eraildako emakumearen gertukoei. "Ez diogu kalera ateratzeari utziko, egin dezakegun gutxiengoa da. Baina, nazkatuta, nekatuta eta haserre gaude. Indarkeria matxista etengabe hamaika formatan ikusten dugu, eta, zoritxarrez, erailketak salatzen jarraitu behar dugu", adierazi du Mugimendu Feministak.
"Gu prest gaude halako gertakari bakoitzaren aurrean erakundeei dagokien ardura har dezaten exijitzeko eta indarkeria matxistaren konplize den orori ardurak exijitzeko, gizonei bereziki. Izan ere, hilketa matxistak eta eraso matxistak, ez dira gertakari isolatuak, ez dira ezbehar puntualak. Sistema oso batek ahalbidetzen duen indarkeria da. Sistema kapitalista zisheteropatriarkal kolonialista eta arrazistak ahalbidetutakoa, hain zuzen", adierazi dute irakurketan.
Sistema horrek, "bere biziraupenerako", menpeko harremanak behar dituela adierazi du Mugimendu Feministak: "Horren adibide dugu, gizonak eta emakumeak kategoria gisa sortu beharra menpeko harreman horiek betikotzeko. Menpeko harreman horrek indarkeria sortzen du eta indarkeria hori hamaika formetan eta bestelako zapalkuntza ardatz batzuekin gurutzaketan eman daiteke". Horregatik diote erailketa eta eraso matxistak ez direla "gertakari isolatuak", "sistemak nahieran sortuak dituen egituren ondorio" baizik.
Orioko Mugimendu Feministak deituta, bihar, larunbatez, egingo dute hilketa salatzeko elkarretaratzea. 17:00etarako jarri dute hitzordua, plazan.
Itaiak, "urgentziaz posizionatzeko" deia
Itaiak, bere aldetik, elkarretaratzeak egin dute Azkoitian, Azpeitian eta Zestoan. Horietan indarkeria matxista orori aurre egiteko deia egin du Itaiak. Era berean, babesa eta elkartasuna adierazi dizkie Zarautzen hildako emakumearen familiakoei zein ingurukoei, eta gogorarazi du urtea hasi zenetik sei hilketa matxista jazo direla Euskal Herrian. "Astakeria hori ezin da normalizatu; hau da, ezin dira normalizatu emakumeen aurkako erasoak, jazarpena, eta horien muturreko adierazpen diren hilketa matxistak", azaldu dute.
Matxismoa "gogortzen" ari dela ohartarazi dute halaber kontzentrazioa bukatzean egin duten adierazpenaren irakurraldian, eta egoerak "urgentziaz posizionatzea" eskatzen duela esan dute. "Emakumeok jasaten dugun zapalkuntzaren eta erasoen aurrean, bi aukera besterik ez ditugu: matxismoaren konplize izaten segitu edo matxismoaren aurka borrokatu", gaineratu dute.
Itaiak berretsi du eraso guztiak salatzen, erasotzaileen inpunitatearen aurka borrokatzen eta gizartean indarkeria matxistaren aurkako kontzientzia zabaltzen segituko duela. Gainera, esan du indarkeria matxistaren kontrako borroka indartzeko unea dela eta herritar denei dagokiela horretan jarrera aktiboa edukitzea.