Ehunka lagunek salatu dute Zarauzko hilketa matxista

Julene Sorarrain 2025ko urr. 17a, 20:45

Herenegun jazotako hilketa matxista salatu dute ehunka herritarrek gaur iluntzean; Lege Zaharren enparantzan elkarretaratzea egin dute hainbat lagunek udalak deituta, eta segidan, manifestazioa, herriko eragileen eskutik.

Herenegun emakume bat hilik aurkitu zuten Zarautzen, Itsasmeni auzoko etxebizitza batean, eta hilketa leporatuta, gizonezko bat atxilotu du Ertzaintzak. Gaur, ostiralez, hilketa gaitzesteko protestak egin dituzte Zarautzen: 19:00etan, Zarauzko Udalak deituta, dozenaka lagun elkartu dira Lege Zaharren enparantzan; hura bukatzean, 19:30ean, manifestazioa egin dute hainbat lagunek herriko eragileek deituta.

Udalak egindako deialdian hamar minutu inguruko isilunea eskaini diote biktimari, eta han izan dira, besteak beste, udaleko alderdietako ordezkariak, tartean Xabier Txurruka alkatea. Halaber, elkarretaratze horretan izan dira Eider Mendoza diputatu nagusia, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria eta Maddalen Iriarte EH Bilduren Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramailea.

Behin elkarretaratze hori bukatuta, herriko eragileek –Mugimendu Feministak, Morroxkak taldeak eta Itaiak– deitutako manifestazioa hasi da. Lege Zaharren enparantzan hasi dute ibilbidea, eta Kale Nagusian barrena, Musika Plazatik igaro dira, berriz hasierako puntura iristeko. Ibilbidean zehar, ehunka lagun batu dira protestara. Manifestazioaren amaieran hitza hartu dute deitzaileen izenean bi lagunek, eta elkartasun eta babesa adierazi diete biktimaren senideei, lagunei eta gertukoei. 

Haiek esan dutenez, egunotan zabaldu den informazioa "nahasia" izan den arren, kalera ateratzea erabaki dute hildako emakuaren gertukoei atsekabea adierazteko; izan ere, haien hitzetan, "eguneroko ogia da indarkeria matxista eta nahikoa dela oihukatu" nahi dute. Halaber, hilketa matxistak ez direla "kasu isolatuak" azpimarratu dute, eta ez direla "nazkatuko" hori esateaz. "Antolaketa sozial oso batek baimentzen du indarkeria, adierazpen txikienetik lazgarrienera", gaineratu dute. 

Aldi berean, "larritzen" ari den testuinguru baten aurrean daudela esan dute, eta indarkeria matxista "egiturazkoa" delalako, "sistemaren bizirauteko tresna". Eta horri lotuta, eraso bakoitzak bere testuingurua duela esan dute, Zarauzko hilketak barne, baina adierazi dute ezin dutela alde batera utzi genero aldagaia. "Emakumeok emakume izate hutsagatik jasaten dugun indarkeriaz ari gara", gehitu dute. Indarkeria matxista "urgentzia handiko" arazoa dela esan dute, eta horren aurrean "erantzun sendoa eta irmoa" galdegin: "Jarri dezagun, beraz, indarra, indarkeria matxistarik egongo ez den gizarte baten eraikuntzan". 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide