Andoni Zubiaurre Gorixo Zumaiako bizilagunak marka berria ezarri zuen atzo Arroabean txinga eramaten: 25 metroko 102 plaza osatu zituen 27 kiloko txingak hartuta.
Txikitasunean Handi eguna ospatu zuten atzo Arroabeko bizilagunek, eta auzoko eragileek elkarlanean antolatu zuten egitarauko aurtengo nobedadeak jendetza erakarri zuen frontoiaren atzeko kantxara: duela 40 urte Itziarko Elorriaga auzoko Agustin Uranga Billabier-ek Arrobean ezarri zuen marka hobetzeko erronkari heldu zioten lau kirolarik.
Hogeita zazpi kiloko txingak hartuta 20 metrotik gorako 75 plaza osatu zituen hark Arroabean. Antolatzaileek zalantza zuten itziartarrak egin zituen plazak 20 ala 25 metrokoak ziren, eta badaezpada, handira egin zuten apustu atzo: plaza bakoitzeko 25 metro egin behar zituzten Mikel Agirrek, Pablo Alvarezek, Lander Ibarluzeak eta Andoni Zubiaurre Gorixo Zumaiako bizilagunak, hau da, 1.875 metro gutxienez, Billabierrek ezarritako marka gainditzeko.
Binakako txandetan lehiatu ziren kirolariak, eta Itziarkoak ezarritako marka haustea zailtasuna erakutsi zuen lehenengo saiakerak: Mikel Agirrek 31 plaza, zortzi metro eta hamabi zentimetro egin ostean utzi zituen txingak, eta Lander Ibarluzeak 34 plaza eta 66 zentimetro osatzea lortu zuen.
Pablo Alvarez eta Gorixo lehiatu ziren bigarren tandan, eta Billabier berdintzetik gertu egon zen lehenengoa: 70 plaza eta bederatzi metro egin zituen txingak eskutan hartuta. Zumaiako bizilagunak, aldiz, aise gainditu zituen itziartarrak duela 40 urte plaza horretan bertan egin zituen lanak. "Ehun baietz!" oihu egin zioten ikusleek, eta berak 102 plazarekin erantzun zuen, Billabierrek baino 27 gehiago osatuta.