Mugimendu Feministak Palestinaren askatasunaren aldeko mezua ozendu du hainbat plazatatik

Maddi Txintxurreta 2025ko urr. 11a, 15:17

Hainbat herritarrek bat egin dute Azpeitiko, Zarauzko nahiz Zestoako talde feministek udalerri horietan gaur eguerdirako deitu dituzten mobilizazioekin, eta Palestinaren askatasuna exijitzera nahiz Israelen kontrako boikota eskatzera atera dira kalera.

Atzo Zumaian egin bezala, Euskal Herriko Mugimendu Feministak egindako deialdiarekin bat egin dute Azpeitian, Zarautzen eta Zestoan gaur, eta Feministok Palestinarekin. Israelgo estatu genozida suntsitu leloarekin, Israelen politika kolonialista nahiz genozida aho batez gaitzetsi dute gaur eguerdian mobilizazio desberdinen bitartez.

Zestoako Mugimendu Feministak deitutako elkarretaratzean, Israelgo produktuei boikota egiteko eskaera luzatu dute herriko plazatik. Estatu sionistarekin lotura duten hainbat marka -Coca-Cola, Carrefour, Ariel eta Oreo, besteak beste- erakutsi dituzte folioetan, eta orri horrek apurtu dituzte, elkarretaratzean batu den jendeak Israel boikot, Palestina askatu! aldarrikatu bitartean.

Azpeitian ere hainbat pertsona elkartu da Feministen Sareak 12:00etan deitu duen mobilizazioan. Herriko plazatik, Israelgo estatuaren genozidioa salatzeaz gainera, hara armak bidaltzeari uzteko eskatuz gobernuei presio egiteko eta Israelen okupazio erregimena betikotzen duten enpresa eta erakunde guztiei boikota egiteko eskatu dute Feministen Sarekoek. "Azken bi urteotan ere, aho bilorik gabe adierazi dugu: genozidio baten aurrean gaude, garbiketa etnikoa ari dira egiten Palestinan eta ez gara isilik geratuko".

Zarautzen ere ordu berean hasi da manifestazio jendetsua udaletxe aurreko plazatik, eta Santa Klara konbentuaren aurreko belardian amaitu da. Ekitaldi hunkigarria egin dute han, pianoaren doinuekin hiru poema irakurri baitituzte, baita olibondo bat landatu ere. Amaierako hitzartzean, azken berrien aurrean iritzia eman dute, bake prozesua kritikatuz: "Duela bi egun bake prozesu baterako bide proposamen bat aurkeztu eta sinatu dute. Hala ere, guk zuhurtziaz begiratu nahi diogu hartutako bideari. Izan ere, mendebalde globalaren eta haren agintarien neurrira proposatutako prozesua da, Palestinako herriarentzat bakerik ekarriko ez duena, ez baititu haien behar, interes eta desioak erdigunean jartzen, interes ekonomiko eta kolonialak baizik. Guk ez dugu gizon zuri horien bakerik nahi". Aldiz, "genozidioarekin amaitzeko neurriak eta erabakiak" nahi dituzte, baita "Palestina aske izateko" neurriak ere.

Palestina aske izateko neurriak exijitzen dituztela adierazi dute Azpeitiko, Zarauzko nahiz Zestoako talde feministetako kideek mobilizazioen amaieran. "Jarrai dezagun Palestinaz hitz egiten. Jarrai dezagun genozidioa salatzen. Jarrai dezagun ardura hartzen. Jarrai dezagun Israeli boikot egiten. Segi dezagun gobernuak interpelatzen eta gobernuei presio egiten", aldarrikatu dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide