Ehun lagunetik gora bildu dira gaur eguerdian Munoa plazan, Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) deitutako ekitaldi politikoan. Gudari Eguna da gaur, irailaren 27a, eta 50 urte bete dira erregimen frankistak Juan Paredes Txiki zarauztarra eta Angel Otaegi nuarbetarra fusilatu zituela, baita FRAPeko Jose Humberto Baena, Jose Luis Sanchez Bravo eta Ramon Garcia Sanz. Bost horiek oroitu dituzte gaurko ekitaldian, hain justu ere.
EHKSko bozeramaile Ane Ibarzabalek ekitaldi hasieran nabarmendu duenez, "frankismoa ez zen diktadorearen heriotzarekin amaitu, eta garai hartako krimenengatik inpunitatea mantentzen du". Ildo horretatik, azpimarratu du "estatuen bilakaera autoritarioa eta faxismoaren gorakada" gertatzen ari direla, eta argi utzi nahi izan du horiek kapitalismoaren krisiari dagozkion "berezko ezaugarriak" direla. Egoera horren aurrean, bi egiteko zehaztu ditu Ibarzabalek: "Batetik, iraultza egiten saiatu zirenen memoria omentzea; bestetik, sozialismoaren ulerkera eguneratzea eta errealitate konkretu bilakatzea".
Jarraian, Diego Paredes Txikiren anaiaren bideo bat jarri dute ekitaldirako erabilitako pantailan. Munoan grabatuta zegoen bideoa, eta Paredesek Santa Barbara zuen bere atzealdean. Bertan jarri zuten abuztuan Txiki eta Otaegiren oroimenezko olana, baina egun bat geroago kendu zuen udalak. Gertaera hori gaitzesten hasi du mezua Txikiren anaiak, eta salatu du "Zarauzko Udaleko faxistek" kendu zutela olana menditik. Jende askok ez daki, baina Santa Barbarako bidea Txikik ireki zuen", gehitu du.
Gainera, fusilatua izan aurretik Txikik utzitako idatzia irakurri du Paredesek, eta, besteak beste, honela esan du: "Borrokak jarraitu egingo du estatu libre eta sozialista bat lortu arte, gizakiak gizakia esplotatzeari uzteko xede bakarrarekin. Borroka luzea izango da, baina herriak du azken hitza".
"Faxismoa hazi besterik ez da egin"
EHKSko bozeramaile Garazi Navarrok argi esan du 78ko erregimena "frankismoaren jarraipenean eratu zela", eta ez dela "inondik inora faxismoaren aurkako bermea: "Horren lekuko dira Euskal Herriko langileriak urteetan zehar pairatu dituen gerra zikina, erailketak, milaka torturatu eta espetxeratuak".
Segidan, ekitaldira bertaratu direnei galdera bat luzatu die bozeramaileak: "Balio al du PSE-EEren gobernuak gizarteko maila guztietan hazten ari den erreazkioa eta faxismoa gelditzeko?". Navarrok aditzera eman duenez, PSE-EEren gobernuarekin "faxismoa hazi besterik ez da egin, instituzionalki, sozialki edo kalean". Hala, langileek lubaki propioak sortzeko beharrean egin du azpimarra, "faxismoari ateak irekitzen dizkion instituzioetatik" kanpo.
Bozeramailearen hitzetan, frankismoa eta ondorengo erregimena "autodeterminazioaren aurkakoak" dira. Horri lotuta, ondorengoa salatu du: "EAJ, EH Bildu eta PSE-EE bultzatzen ari diren estatus nazional berria iruzur autonomikoa baino ez da". Zentzu berean, gehitu du Espainia eta Frantzia "estatu inposatuak" direla euskal langileriarentzat, "klase etsaiaren eta langileen borondate nazionala ukatzen duten estatuak".
Israel Palestinan egiten ari den genozidioa ere irmoki salatu dute gaur eguerdiko ekitaldian. "Ofentsibara pasatzeko unea" dela esan du Navarrok, eta esan du agintariak ez direla mugituko "beste erremediorik" izan ezean.