Ondarearen Europako Jardunaldiak eskualdera iritsiko dira urrian

Andoni Elduaien 2025ko ira. 18a, 11:52

Getariako Aldamar jauregia bisitatzeko aukera izango da, besteak beste. (Getariako Udala)

Azkoitian, Getarian, Orion, Zarautzen eta Zestoan izango dira aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuak bederatzigarrenez antolatu dituen Ondarearen Europako Jardunaldiak. Bisita gidatuak, hitzaldiak eta tailerrak eskainiko dituzte. Hitzordu batzuk doakoak dira, eta besteak ordainpekoak, baina eskatu dute izena aldez aurretik emateko, plazak mugatuak baitira.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuak bederatzigarrenez antolatu ditu Ondarearen Europako Jardunaldiak. Ondarea Eraikitzen lelopean, 80 jarduera baino gehiago antolatu dituzte Gipuzkoa osoan; guztira, 120 ekitaldi izango dira, eta Gipuzkoako 37 udalerritara iritsiko dira horiek, tartean Urola Kostako bost herritara: Azkoitira, Getariara, Oriora, Zarautzera eta Zestoara. Urrian izango dira eskualdeko herriei dagozkien jarduera guztiak. 

Europako Kontseiluak 1991n jarri zuen abian ondareari balioa emateko proiektua, hura herritarrengana hurbiltzeko eta ondarea kontserbatzeak eta transmisioak gizarte kohesioa eta kultura nortasuna indartzen dituen elementu gisa duten garrantziaz sentsibilizatzeko. Aurten, ondare arkitektonikoari eman nahi izan dio balioa aldundiak.

Erakundearen esanetan, "ondare kulturalaren adierazpenik ikusgarriena, egunerokoena eta sinbolikoenetako bat" da Gipuzkoako ondare arkitektonikoa. Aurtengo jarduerak hainbat lan-ildoren inguruan antolatu dituzte, hala nola lanbide tradizionalak uztartuz, ondare arkitektonikoaren berrerabilera bultzatuz eta paisaia kulturala edota ondarearen zein memoriaren arteko lotura eginez. Aldundiak dio jarduera horiek guztiek "ondarea bizitzeko, eraikitzeko eta zaintzeko moduari buruzko begirada berriak" ahalbidetuko dituztela.

Atzo aurkeztu zituzten Ondarearen Europako Jardunaldiak, Donostian. (Aldundia)

Zarautzen, geologia ardatz

Zarauzko hitzordua izango da eskualdeko lehena. Luberri museoak eta Arkamurka natura elkarteak antolatuta, urriaren 4an, larunbatez, Zarautz geologikoa izeneko bisita gidatua egingo dute, euskara hutsean. Iñurritzako biotopoaren sarreran abiatuko dute bisita 10:00etan, eta Munoa plazan amaitu, 12:30ean.

Zarautz eta inguruko arroken jatorri geologikoaz arituko dira hasteko, ondoren material horiek herriko arkitekturan duten presentzia azaltzeko. Malekoian dauden harlauza, eskultura eta eraikinak hizpide, XIX. mendean inguruko labarretatik erauzitako hareharriez eta XX. mendean Debatik (Gipuzkoa) ekarritako kareharriez arituko dira bisitan, baita Brasildik ekarritako granito urdinaz edota landare formak dituen Alemaniako hareharriaz ere.

Helduei eta haurrei zuzendutako bisita izango da Zarauzkoa. Izen-ematea 6 euro ordaindu beharko da, eta antolatzaileek azaldu dute plaza mugatuak direla. Hori horrela, izena aurrez emateko eskatu dute, 943-26 05 93 telefono zenbakira deituta edota luberrimuseoa@gmail.com helbide elektronikora idatzita.

Zestoan, bi hitzordu

Zestoara urriaren bigarren asteburuan iritsiko dira Ondarearen Europako Jardunaldiak. Ekainberrik, udalak eta aldundiak antolatuta, bi hitzordu izango dira han aukeran: batetik, urriaren 9an, Ekain kobazuloaren berrikustea: XXI. mendeko arkeologiaren ikuspegi berria izeneko hitzaldia eskainiko dute euskaraz, Zestoako udaletxeko bilkura areto nagusian (19:00). Diego Garate arkeologoak eta Kantabriako Unibertsitatean arte parietal paleolitikoan doktorea denak emango du hitzaldia. Paleolito garaiko artearen adibideetako bat da Ekain kobazuloa. Aurkitu zutenez geroztik egin diren ikerketa arkeologikoen sistemek zein metodoen aurrerapenek begirada berri bat eman diote kobazuloari, ondare horri buruzko informazio berria eta osoagoa emanez. Informazio horri buruz ariko da, hain zuzen, Garate arkeologoa. 

Bestetik, urriaren 11n, Nola egin zen Ekainberri erreplika? izeneko bisita gidatua egingo dute Ekainberrin. Euskarazko bi saio izango dira egun horretan museo horretan: aurrena, 11:30ean, eta bigarrena, 16:30ean. Ondarea babesteko helburuarekin, Ekaingo jatorrizko kobazuloa itxita dago publikoarentzat 1969an hango labar artelanak aurkitu zirenetik. Publikoari artelan horiek guztiak erakutsi ahal izateko, Ekainberri eraiki zuten gero, eta urriaren 11ko bisitan museoaren sortze prozesua zein izan zen azalduko dute. 

Bai hitzaldia, bai bisita, helduei eta haurrei zuzendutakoa izango da. Izen-ematea doakoa da bi kasuetan, baina plaza mugatuak direnez, izena aurrez emateko eskatu dute antolatzaileek. Hitzaldirako, 943-11 28 99 telefono zenbakira deitu edota kulturaondarea@gipuzkoa.eus helbide elektronikora idatzi beharko da. Bisita gidaturako izena emateko, berriz, Ekainberriren 943-86 88 11 telefono zenbakia edo info@ekainberri.com helbide elektronikoa jarri dituzte aukeran.

Azkoitian, eraikin historikoak

Urriaren 18an, larunbatez, Azkoitiko bi eraikin historiko ezagutzeko bisita gidatua egingo dute. Bi etxe historiko ezagutzen: Lasao etxea eta Idiakez Ederra izeneko bisita egingo dute egun horretan, 12:00etan eliz ataritik abiatuta. Bisita euskaraz eta gazteleraz eskainiko dute.

Ibilbidean zehar Azkoitiko parrokiarekin muga egiten duten Lasao etxearen eta Idiakez Ederraren kanpoaldeak ezagutzeko aukera izango da. Eraikin horiek Azkoitiko lehen urbanizazioaren eta defentsa sistemaren testiguak dira, hain justu. Duten arkitektura bereziaren berri emango dute bisitan, eta bitxikeria artistiko nahiz historiko ugari kontatuko dituzte hirigune historiko monumentalean. 

Bisita Azkoitiko Udalak antolatu du, eta doakoa da. Erakundeak esan du, parte hartu nahi duenak hitzorduaren egunean eliz ataria agertzea aski izango duela.

Orion, bi hitzordu

Orion ere Azkoitikoaren egun berean izango dira hitzorduak, urriaren 18an, alegia. Lehendabizi, 10:00etan, ontzigintza tradizionala ezagutarazteko familia tailerra eskainiko dute Mutiozabal Txoren Ontziolan: estrapu tailerra. Ontziola bisitatzeaz gain, haur bakoitzak material organiko ezberdinak ezagutu, ukitu, sentitu eta esperimentatu ahal izango ditu. Era berean, espartzuarekin lan egiten eta arraunerako ezinbesteko diren estrapuak ontzen ikasiko dute. Parte hartzaile bakoitzak bere estrapu propioa etxera eramateko aukera izango du, gainera.

Tailerraren ostean, 12:00etan, Mutiozabal Txoren Ontziola: memoria eraikitzeko ondare arkitektura izeneko hitzaldia eta bisita gidatua izango dira Orioko Turismo bulegoan hasita. Mutiozabal ontziola tradizionala kultura transmisiorako gune aktibo gisa darabilte egun Orion, Txoren Ontziola haurrentzako hezkuntza proiektu berritzailea baita. Ondare arkitektura oroimenaren, identitatearen eta jakintzen transmisioaren tresna bizia nola izan daitekeen hausnartzera gonbidatuko dituzte herritarrak bisitan.

Albaola Itsas Kultur Faktoriak antolatu ditu Orioko bi hitzorduak. Estrapu tailerrean parte hartzeko, 3 euro ordaindu beharko da izen-ematea, 943-39 24 26 telefono zenbakira deituta edo mutiozabal@albaola.org helbide elektronikora idatzita. Geroko hitzaldirako eta bisitarako izena ere komunikazio bide horietatik eman beharko da, baina hura doakoa izango da. 

Azkena, Getarian

Getarian, Getariako Zarautz eta Aldamar jauregiak birgaitzea eta berrerabiltzea izeneko bisita gidatuak eskainiko dituzte urriaren 25ean eta 26an, biak 11:00etan. Ordea, hilaren 25ekoa euskaraz eskainiko dute, eta hilaren 26koa, gazteleraz. Turismo bulegotik abiatuta egingo dituzte ibilaldiak.

Getariako bi eraikin historiko horien birgaitzea eta erabilera berrietarako egokitzapena esploratzeko aukera eskainiko dute bisitek. Zarautz jauregia, erromatarren garaiko aztarnak dituena, XIII. mendeko dorretxearen hormak, handitze gotikoak eta elementu errenazentistak biltzen dituen jauregia da, eta duela gutxi birgaitu dute. Orain, ordea, herriarentzako kultur ekipamendu berri bihurtu dute. Aldamar jauregia, berriz, Casa Torreseko markesen udako etxea izandakoa da, eta egun, Cristobal Balenciaga Museoaren multzoaren parte da.

Hain justu, Cristobal Balenciaga Museoak eta Getariako Udalak antolatu dute Getariako hitzordua. Izen-ematea doakoa da, baina aurreratu dute plazak mugatuak direla, eta horrenbestez, izena aldez aurretik ematea komeni dela. Horretarako, 943-00 88 40 telefono zenbakira deitu edo info@cristobalbalenciagamuseoa.com helbide elektronikora idatzi beharko da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide