Aizarnazabalgo sanmigelak 2025

Aizarnazabalgo festetarako autobus zerbitzu berezia jarriko dute irailaren 27an

Nerea Uranga 2025ko ira. 22a, 09:00

Mari Karmen Arregi Aizarnazabalgo alkatea eta Azahara Dominguez diputatua. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Aizarnazabalgo festetaz "modu seguruan eta jasangarrian" gozatu ahal izateko, Lurraldebusek Zumaiatik eta Zestoatik autobus zerbitzu bereziak jarri ditu Aizarnazabalera datorren asteburuan.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentuak Lurraldebuseko zerbitzu bereziak antolatu ditu Zumaiatik eta Zestoatik Aizarnazabalgo festetara, jaiez gozatu nahi dutenek "modu jasangarrian, seguruan eta erosoan" egin ahal dezaten.

Aizarnazabalgo Udalaren eskariz jarriko dituzte autobusak datorren larunbatean, irailaren 27an. Zumaiatik, Patxita Etxezarreta geltokitik, 22:00etan irtengo du autobusak, eta Aizarnazabaldik Zumaiarako itzulerako autobusa, 03:30ean (Arantzazu Etxetaldea eta Aizarnazabal Hirialdea Gunea arteko bidegurutzea) izango da. Zestoatik autobusak 22:30ean irtengo du Aizarnazabalera, eta handik Zestoara itzultzeko autobusa 03:00etan izango da.

Azahara Dominguez diputatuak adierazi du, garraio publikoa aisialdian indartzea eta herritarrentzat eskuragarri egitea "ezinbestekoa" dela joan-etorrietarako ohitura iraunkorrak ezartzeko”. Horrez gain, Dominguezek nabarmendu du udalerri txikiek kalitatezko garraio publikoko zerbitzua izatea, biztanleen bizi-kalitatea hobetzea ahalbidetzen duela. Mari Karmen Arregi alkateak eskerrak eman dizkio aldundiari, eta gaineratu du Lurraldebusen festetarako zerbitzu bereziarekin "komunitate osoaren ongizatea" bermatzen dela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide