Udako etenaren ondoren, pentsio duinen aldeko asteleheneroko elkarretaratzeei heldu diete berriro pentsiodunen eta jubilatuen mugimenduan dabiltzanek. Astelehenean egin zituzten pentsiodunek bilkurak Azpeitian eta Getarian, eta datorren astelehenerako, irailaren 15erako, 12:00etan deitu dituzte elkarretaratzeak Zarautzen (Lege Zaharren enparantzan), Zestoan (Gurutzean) eta Zumaian (Saregileen plazan). Haserre agertu dira jubilatuen eta pentsionisten mugimendukoak, izan ere, pentsio txikiak lanbide arteko gutxieneko soldataraino osatzeko herri ekinaldi legegilea atzera bota du Eusko Jaurlaritzak.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 145.142 lagunek sinatu zuten pentsio txikiei osagarria emateko Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren (EHPM) eskaria. Sinadurak Eusko Legebiltzarrera eraman zituzten maiatzean, eta irailaren 1ean, herri ekinaldi legegilea tramiterako onartzearen kontra azaldu zen Eusko Jaurlaritza. Erabaki hori kritikatu egin dute pentsiodunek eta hil honetarako hainbat mobilizazio iragarri dituzte: astelehenetako herrietako elkarretaratzeez gainera, irailaren 20an manifestazioak egingo dituzte Bilbon, Donostian eta Gasteizen, eta irailaren 25ean, Gasteizen manifestazioa egingo dute Eusko Legebiltzarreko saiora.
Jaurlaritzak herri ekinaldi legegilea izapidetzearen aurkako txostena eman ostean, orain Eusko Legebiltzarreko taldeei dagokie erabaki bat hartzea pentsioen osagarri bat ezartzearen aldeko herri ekinaldiaren inguruan. Urola Kostan pentsiodunen mugimenduan dabiltzanak kexu dira, hala dio Getariako Amagoia Iturraldek :"Jaurlaritzak hartu duen erabakiaren aurrean gure desadostasuna adierazi beharra daukagu, pixka bat haserre gaudelako. 145.000 sinadura bildu genituen eta 300 eragilek ere bat egin zuten. Horri uko egin dio Jaurlaritzak, eta konponbideren batera iristeko zerbait egin beharra daukagu". Jaurlaritzaren erantzuna "ezusteko latza" izan da Maite Garmendia azpeitiarraren ustez: "Horrenbeste sinadura jaso ondoren, eztabaidatu ere ez dutela esango erantzutea egundokoa da".
EHPMk ezustean eta hedabideen bidez jakin zuen Jaurlaritzaren irailaren 1eko erabakiaren berri. "Bi aldiz engainatuta" sentitu dira Miren Odriozola azpeitiarraren esanetan. "Uztailaren 17ko bileran txosten juridikoa emango zigutela agindu zitzaigun, eta hala izan beharrean, txosten politiko bat egin dute. Orain, berriz, ekimena bertan behera utzi dute, izapidetzea eta Eusko Legebiltzarrean eztabaidatu ahal izateko eskubidea ere ukatuz", adierazi du Azpeitiko pentsiodunen mugimenduko kideak.
Zazpi urte daramatzate pentsiodunek pentsio duinen aldeko mobilizazioekin, eta oraingo bidean onura batzuk lortu dituztela diote, eta garbi dute mobilizatu eta borroka egin gabe ezer ez dutela lortuko. "Gure proposamen legegilea beharrezkoa da, eta garbi dugu mobilizatzen ez baldin bagara ezer ez dela lortuko", adierazi du Garmendiak. Urteotako borrokari esker onurak ere lortu dituzte, bakarren batzuk aipatu ditu Odriozolak: "Fatima Bañezen %0,25eko Pentsioen Errebalorizazio Indizea indargabetu da eta pentsioen errebalorizazioa KPIarekin lotu da. Pentsio oso baxuak zituztenei iaz KPI baino gehiago igo zioten, %9ko igoera ezarriz. Alarguntza pentsio minimoa erretiroko gutxieneko pentsioarekin ere parekatu da, eta izatezko bikoteak alarguntza pentsioa jasotzen hasi dira".
Borrokarik egingo ez balute, orain arte lortutako zenbait onura ez zituztela izango ziur dira pentsiodunak. "Borrokarik egin gabe ez dago ezer lortzerik". Horregatik, deitu dituzten mobilizazioekin bat egitera deitu dituzte erretiratuak eta pentsiodunak.
Deialdiak
- Irailak 8, astelehena: Astelehenetako pentsiodunen eta jubilatuen elkarretaratzeak egingo dituzte honako herrietan:
- Zarautz. 12:00etan, Lege Zaharren enparantzan.
- Zestoa. 12:00etan hasita, Gurutzean.
- Zumaia. 12:00etan, Saregile plazan. - Irailak 20, larunbata. Donostia. Manifestazioa, 12:00etan, Bulebarretik irtenda. Manifestaziora joateko garraio publikoa erabiltzeko eskatu dute. Bilbon, Gasteizen eta Iruñean ere mobilizatuko dira.
- Irailak 25, osteguna. Gasteiz. Eusko Legenbiltzarrera manifestazioa egingo dute. Herrietatik autobusak eta autoak antolatuko dituzte.