Abuztuarekin iritsi da berria: Piaspe zentral eolikoaren proiektuari ingurumen baimena ukatu dio Eusko Jaurlaritzak. Atzo jakinarazi zuten ebazpena, eta berehalakoak izan ziren erreakzioak. Proiektu eolikoaren aurkako borrokan aritu diren plataformek eta auzotarrek pozez hartu dute Eusko Jaurlaritzaren erabakia, eta ebazpenaren inguruan egiten duten balorazioa partekatzeko agerraldia egin dute gaur Azpeitiko plazan. Jaurlaritzaren ebazpena ospatu ez ezik, auzia mahai gainean egon den hiru urteetan zehar herritarrek egindako lana nabarmendu dute Sañu Bizirikeko, Txillarramendi Auzo Elkarteko eta Errezil Bizirik plataformako kideek. Aitortu dute ezustean jaso dutela proiektu eolikoaren aurkako ebazpena.
Eusko Jaurlaritzak ebatzi dut Piaspe proiektua "bideraezina" dela ingurumenaren ikuspegitik. Izan ere, aurreikusi dute hegaztiek "arrisku handia" izango dutela azpiegituren kontra jotzeko, eta kalteak eragingo dituela Natura 2000 Sareko guneetan. Jaurlaritzaren ebazpena sendoa iruditzen zaie elkarteei, eta uste dute haiek hasieratik defendatu dituzten irizpideak hartu dituztela haintzat. Dena den, ez dakite zer gertatuko den Sañoa inguruetan jarri nahi duten haize neurgailuarekin. Halaber, proiektua gauzatu nahi duen enpresak Jaurlaritzaren ebazpenaren aurrean helegitea aurkezteko eta auzitegietara jotzeko aukera zabalik dagoela ere esan dute.
Sañu Bizirikeko kideek nabarmendu dute hiru urtetan zehar lanean aritu diren herriko eragileei, mendi taldeei eta naturaren kontserbazioaren aldekoei esker lortu dela proiektua atzera botatzea. Era berean, Piaspe eraiki nahi zuten eremuetan bizi diren herritarrek ere pozarren hartu dute ebazpena.
Udalen jokaeraz
Azpeitiko, Zestoako eta Errezilgo udalekin kritiko agertu dira gaurko agerraldiaren deitzaileak. Adierazi dute, hasieran Piaspe proiektuari "alfonbra gorria" jarri ziola Azpeitiko Udalak. Era berean, uste dute udalek aurkeztutako alegazioak "herri presioagatik" egin zituztela, baina ez dutela inoiz proiektua bertan behera uzteko pausorik eman.
Hiru udalek, ebazpenaren balorazio positiboa egin zuten atzo, berria jaso eta gutxira. "Ontzat" eman dute ebazpena, eta adierazi dute energia trantsizioaren aldeko konpromiso irmoa mantenduko dutela, betiere ingurumenaren babesa, tokiko onurak eta herritarren parte hartzea uztartuko dituzten proposamenekin.
Azpeitiko EAJk, aldiz, gaur egin du ebazpenaren inguruko iruzkina sare sozialetan. Jeltzaleentzat "energia berriztagarriak beharrezkoak dira etorkizunerako", baina "ingurumen eskakizunekin uztartu behar dira". Piasperi lotuta, EAJk esan du "erakundeek eta legediek beraien lana bete" dutela eta "gure ingurua babestu" dutela.