Lierni Osa: "Iazko txapelketarekin alderatuta hobekuntza nabarmena da, eta oso pozik nago emaitzarekin"

Maialen Etxaniz 2025ko abu. 11a, 12:15

Lierni Osa atzo Aian jokatutako Lau Arroa txapelketan. (Arnaitz Rubio Aprea)

Lau Arroa harri jasotze txapelketa irabazi zuen atzo Lierni Osa zarauztarrak. Biharamunean, egindako lanarekin "gustura" agertu da, baina hurrengo txapelketan dauka burua dagoeneko. Larunbatean Donostian jokatuko duten Igeldo-Ulia sariketan iazko postuari eustea da zarauztarraren erronka. Bigarren postuan sailkatu zen iaz, Ainitze Zumeta herrikidearen atzetik. Marka ezarri zuen Zumetak.

Uda garaian, herritar askoren oporraldiaren sasoian, hitzorduz beteta izaten dute agenda herri kirolariek. Erakustalditik erakustaldira eta txapelketatik txapelketara dabil Lierni Osa (Zarautz, 1995), eta atzo txapela jantzita bukatu zuen lehia. Izan ere, Aiako pilotalekuan jokatutako Lau Arroa txapelketa irabazi zuen harri jasotzaile zarauztarrak, nagusitasunez. Pozik dago egindako lanarekin, baina aste honetan ez dauka atsedenerako tarterik. 

Lau Arroa harri jasotze txapelketa irabazi berritan, zer moduz zaude?

Oso ongi, gustura egindako lanarekin!

Nagusitagunez irabazi zenuen atzokoan, 124 jasoaldi eginda. Espero al zenuen?  

Harri baldarrarekin eta bolarekin topea jotzea zen nire asmoa, eta zilindroarekin eta kubikoarekin lasaiago hartzea. Izan ere, lau harrirekin hiru minutuko txandak egitean harri guztiekin topea jotzeak arrisku handia duela iruditzen zait. Beraz, hori izan zen nire estrategia atzokoan.

Nola ikusi zenuen zure burua?

Gorputzaldi ona nuen, baina bero izugarria egiten zuen Aiako frontoian, eta partaide guztiok asko sufritu genuen.

Iaz ere jokatu zenuen txapelketa. Nabaritu al duzu hobekuntzarik?  

Bai, joan zen urtean 116 jasoaldi egitea lortu nuen [20-35-24-37]; aurten, aldiz, 124 jasoaldi [23-37-25-39]; beraz, iazko txapelketarekin alderatuta hobekuntza nabarmena da, eta oso pozik nago emaitzarekin.

Lau harrirekin aritu zineten lanean: harri baldarra, zilindroa, kubikoa eta bola. Azken horrekin egin zenituen altxaldi gehien. Bola al da Lierniren harririk gustukoena?  

Bai... Tira, ez dakit gustukoena den edo ondoen ematen zaidana den, baina bai. 28 jasoaldi nahikoa nituen bolarekin irabazi ahal izateko, baina entrenatzeileak 40 jasotzeko gai naizela nabarmendu eta dena emateko eskatu zidan. Beraz, horrela egin nuen, eta 39 jasoaldirekin gelditu nintzen azkenean.

Azken boladan gelditu gabe zabiltza txapelketetan nahiz askotariko erakustaldietan. Nekea nabaritzen al da?

Bai, uda gogorra izaten da erakustaldi asko izaten baititugu. Gainera, txapelketa garrantzitsu asko ere abuztuan jokatzen dira. Beraz, entrenamenduak eta atsedena oso garrantzitsuak izaten dira data hauetan.

Batzuk oporretan eta zuek jo eta su lehian. Nola dituzu datozen asteak? Zein izango da hurrengo txapelketa eta zein hurrengo erronka? 

Gaur bertan erakustaldia dugu; beraz, ez dago atsedenerako tarte handirik. Larunbatean, abuztuaren 16an, Ulia-Igeldo txapelketan izango gara Donostian (Gipuzkoa), eta nire helburua aurreko urteko postuari eustea izango da; hori borrokatzera aterako naiz. Gero eta maila handiagoa dago nesken harri jasotze munduan, eta are zailagoa da postu ona eskuratzea. 

Beraz, lanean jarraitzeko gogoz?

Bai, gogo handiz! Emaitzak hobetzen doazen bitartean, plazetan jarraituko dugu den-dena ematen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide