Darahli elkarteak sustatzen duen Oporrak Bakean programaren eskutik eskualdera etorri diren haur sahararrei ongi-etorria emateko ekitaldi bana antolatu dituzte asteburuan Azpeitian eta Azkoitian.
Pasa den ostegunean Saharako errefuxiatuen kanpalekuetako 30 haur iritsi ziren Urola Kostara eta bertan igaroko dute udara, desertuko baldintza gogorretatik salbu. Horietatik 10 Azkoitia, Azpeitia, Zestoa eta Zumaiako familietan daude, eta beste 20 Darahlik Larrabetzun (Bizkaia) antolatzen dituen udalekuetan egongo dira hilabete eta erdiz. Guztira, 60 bat boluntario izango dira txandaka Bakeleku udalekuetan, gehienak zumaiarrak, baina baita azkoitiarrak eta azpeitiarrak ere.
Haur horiei guztiei ongi-etorria emateko ekitaldia egin zuten astelehenean Zumaian eta asteartean Zestoan, eta berdin egingo dute asteburuan Azpeitian eta Azkoitian
Uztailaren 26an, larunbata, haur guztiak eta haien harrerako familiak Azpeitiko Plazan elkartuko dira 11:30ean, eta bertan harrera egingo diete Azpeitiko nahiz Azkoitiko udal ordezkariek. Horren ostean, jolasak eta askotariko tailerrak izango dituzte, eta ondoren, bazkaria egingo dute, arratsaldeko apar festarako indarrak hartzeko.
Larunbatetik iganderako gaua Azkoitiko zenbait familien etxean igaroko dute Larrabetzutik etorriko diren haurrak, hurrengo egunean Azkoitian segituko baitu festak. Horrela, igande goizean plazan elkartuko dira, berriz ere askotariko jolas eta tailerrez gozatzeko. Elkarrekin bazkaldu eta gero, perkusio tailerrarekin borobilduko dute eguna.
Darahli elkarteak azaldu duenez, festa eta Mendebaldeko Sahararen aldeko aldarria uztartu nahi dituzte asteburuan antolatutako ekintzekin. "Elkartetik herritar  guztiak gonbidatu nahi ditugu asteburuan gugana hurbiltzera, jarduera desberdinetan parte-hartzera, eta saharar herriaren errealitatea hobeto ezagutzera", adierazi du.
Aurten beranduago
Oporrak Bakean programarekin, guztira, 300 bat haur etorri dira Euskal Herrira errefuxiatuen kanpalekuetatik. Duela bi aste iritsi behar zuten, baina pasaporte kolektiboekin arazo burokratikoak izan dituzte, eta ostegunera arte atzeratu zuten bidaia.