Uda Euskal Herrian igaroko duten haur sahararrei ongietorria egin diete Zestoan

Andoni Elduaien 2025ko uzt. 22a, 14:46

Saharatik iritsitako haurrei harrera ekitaldiak egiten ari dira egunotan Urola Kosta eskualdeko hainbat herritan. Gaur, Zestoan hartu dituzte haur horiek guztiak. 

Zestoako herriak ongietorri ekitaldia egin die gaur, asteartea, Saharatik Urola Kostara uda igarotzera iritsi diren haurrei. Joan den ostegunean iritsi ziren Oporrak Bakean egitasmoan parte hartu duten Mendebaldeko Saharako errefuxiatuen kanpalekuetako umeak eskualdera, arazo burokratikoak tarteko, espero baino beranduago.

12:00ak zirenean egin diete haurrei ongietorria udaletxean, eta ondoren, errekan bainua hartzeko tartea izan dute. Lagunarteko bazkaria egin dute segidan, eta arratsaldean, Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museora egingo dute bisita haiek, aldundiarekin elkarlanean.

Guztira, 213 haur etorri dira Euskal Herrira uda pasatzera, basamortuko eta kanpalekuetako bizi baldintza gogorretatik urrun. Darahli elkarteak aurten 31 haur saharar ekarri ditu eskualdera. Horietatik hamarrentzako harrera familiak aurkitu dituzte bailaran –bat Zestoan–. Gainontzekoek, Larrabetzuko (Bizkaia) Bakeleku udalekuan pasatzen dituzte uztaileko eta abuztuko oporrak. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide