Haur sahararrei harrera egin diete udaletxean

Juan Luis Romatet 2025ko uzt. 21a, 12:16

Oporrak Bakean programari esker Darahli elkarteak eskualdera ekarri dituen haur sahararrei harrera egin diete gaur eguerdian Zumaiako udaletxean. Opari bana jaso dute haurrek. Arratsaldea Santiago hondartzan igaroko dute, eta bihar Zestoan eta Azpeitian izango dituzte ekintzak.

Oporrak Bakean programa jarri dute aurten ere abian. Horri esker, errefuxiatuen kanpalekuetan dauden haurrek oporrak Euskal Herrian igarotzeko aukera izaten dute, aste batzuez bada ere, desertuko baldintza gogorretati ihes egiteko aukera emanez. Darahli elkarteak aurten 31 haur saharar ekarri ditu eskuadera. Horietatik hamarrentzako harrera familiak aurkitu dituzte bailaran –bi zumaian–. Gainontzekoek, Larrabetzuko (Bizkaia) Bakeleku udalekuan pasatzen dituzte uztaileko eta abuztuko oporrak. 

Pasa den astean heldu ziren haur horiek Urola Kosta eskualdera, eta ohikoa den bezala, eskualdera ekarritako haurrei harrera egin diete gaur eguerdian udaletxean. Beraiek izan dira protagonistak gaurkoan, eta udal ordezkariak esertzen diren aulkiak hartu dituzte. Harrera egitea gain, opari bana jaso dute haurrek.

Behin harrera ekitaldia amaituta, Santiago hondartzara joan dira itsasontziz. Han, paddle saioa izan dute bazkaldu aurretik, eta jolasak arratsalde partean. Bihar, eguerdiko 12:00etan, Zestoako udaletxean egingo diete harrera. Ondoren, errekan bainatu eta gero, bazkaria izango dute. Arratsaldez, Azpeitira joango dira eta Tren Museoa bisitatuko dute. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide