Saharako umeak iritsi dira Urola Kostara

Aitziber Arzallus 2025ko uzt. 17a, 16:00

Saharako haurrak, gaur eguerdian, Zarautzen, hartuko dituzten familiekin. (Ekaitz Etxabe)

Oporrak Bakean programari esker, Saharako 213 umek igaroko dute uda Euskal Herrrian. Horietatik 34 haur Daralhi eta Saharautz elkarteek lagunduta etorri dira; hamalauk eskualdeko familietan pasatuko dute oporraldia, eta beste hogeik Daralhi elkarteak kudeatzen dituen Larrabetzuko (Bizkaia) Bakeleku udalekuetan.

Saharako haurrak gaur eguerdian ailegatu dira Urola Kostara. Arazo burokratikoak tarteko, dezente atzeratu zaie bidaia, baina, azkenean, etortzeko modua egin dute Oporrak Bakean egitasmoan parte hartu duten umeek. Abuztuaren 27ra arte izango dira hemen.

Guztira 213 haur etorri dira Euskal Herrira uda pasatzera, basamortuko eta kanpalekuetako bizi baldintza gogorretatik urrun. Horietatik 30 ume, Darahli elkartearen bidez etorri dira, eta lau,  Saharautz elkartearen bitartez. Daralhik lagundu dien ume horietako hamarrek Azkoitiko (3), Azpeitiko (4), Zumaiako (2), eta Zestoako (1) familietan pasatuko dute uda, eta beste hogeik elkarteak kudeatzen dituen Larrabetzuko (Bizkaia) Bakeleku udalekuetan. Saharautz elkarteak lagunduta etorri diren haurretatik bik Zarautzen igaroko dute oporraldia, eta beste banak Orion eta Getarian.

Umeak gaur iritsi diren arren, harrera ekitaldi ofizialak datozen egunetan egingo dizkiete eskualdeko hainbat herritan. Uztailaren 21ean eta 22an Zumaian eta Zestoan egingo diete harrera, hurrenez hurren; eta uztailaren 26an eta 27an, berriz, Azpeitian eta Azkoitian. Gainera, egun horietan, berez Larrabetzuko udalekuetan dauden haurrak ere eskualdeko familietan geldituko dira lotan. 

Hona hemen ongietorri festen egitaraua: 

Uztailak 26, larunbata, Azpeitiko plazan

  • 11:30. Harrera ekitaldia. 
  • 12:30. Haurrentzat jolasak eta tailerrak.
  • 14:30. Bazkaria.
  • 17:00. Apar festa.

Uztailak 27, igandea, Azkoitiko plazan

  • 11:00. Haurrentzat jolasak eta tailerrak.
  • 14:00. Bazkaria.
  • 16:30. Perkusio tailerra.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide