Gaur hasi eta hilaren 26a bitartean, Azkoitia eta Azpeitia arteko Munoaundi Burdin Aroko herri harresituan indusketak egiten ari dira Aranzadi zientzia elkarteko kideak. Hain zuzen ere, auzolanean hasi dute eguna, eta indusketetan parte hartuko dutenek ez ezik, gainontzeko herritarrek ere aukera izan dute aztarnategia irekitzen eta lanerako prestatzen laguntzeko.
Abaraxka aterpetxearen parean 08:30erako jarria zuten hitzordua, handik aztarnategira joateko. Lanak egin ostean, hamaiketakoa egin dute boluntarioek, eta ondoren, baita bisita gidatua ere.
Aurtengoa hogeigarren indusketa aldia izango da. Munoaundin zazpi hektarea inguruko azalera duen herrixka gotortua izan zen duela 2.400 urte, eta jendea bizi izan zen han. Urteotan hainbat aurkikuntza egin dituzte han Aranzadiko kideek, baina oraindik ere badute zer ikertu aztarnategian; izan ere, oraindik ez dute hilerria aurkitu. Munoaundiren garaiko beste toki batzuetan aurkitu izan dituzte nekropoliak, baina Gipuzkoan ez.