Zumaian eta Zarautzen ere gogor gaitzesi dute Irungo hilketa matxista

Mireia Galarza Bastida 2025eko otsailaren 8a

Zarauzko Irungo hilketa matxista salatzeko elkarretaratzea (Aritz Mutiozabal)

Kostako bi herrietako talde feministek azaldu dutenez, urtea hasi zenetik bigarren hilketa matxista da Irungoa, eta "onartezintzat" jo dute hori.

Ostegun eta ostiralean Azpeitian, Azkoitian eta Zestoan egin bezala, gaur eguardian elkarretaratzeak egin dituzte Zarautzen eta Zumaian aste honetan Irunen izan den hilketa matxista salatzeko. Eskualdeko barruko herriko mobilizazioen kasuan, Itaiak deituta egin zituzten elkarretaratzeak. Gaurko biak aldiz, herri bakoitzeko mugimendu feministak antolatutakoak izan dira. 

Kostako bi herrietako taldeek azaldu dutenez, urtea hasi zenetik bigarren hilketa matxista da Irungoa, eta "onartezintzat" jo dute hori. Hain zuzen ere, 47 urteko gizon batek bere ama labankadaz larri zauritu zuen ostegunean, eta zauri horien ondorioz, ostiral goizaldean hil zen emakumea ospitalean.

Erasoekin amaitzeko autodefentsa feminista "ezinbestekoa" dela azpimarratu dute gaurko elkarretaratzeetan. Horretaz gain, herritarrei pauso bat aurrera eman dezaten eskatu diete,  indarkeriarekin amaitzea ororen ardura delako. Horretarako, sare sozialetan erasotzaileei jarraitzen uztera, erasoak salatzera, sarearen parte izatera, asanbladetan parte hartzera, elkar zaintzera eta antolatzera animatuarazi dituzte.

Zumaiako eguardiko elkarretaratzea. (Maria Maya Manterola)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide