Dozenaka lagunek elkarretaratzea egin dute Irungo hilketa matxistaren kontra

Aitziber Arzallus 2025ko ots. 6a, 22:15

Itaiak deituta gaur arratsaldean plazan egin duten elkarretaratzea. (Itaia)

Itaiak egindako deiari erantzunez, eta Indarkeria matxista orori aurre egin! lelopean, herritar ugari batu da plazan Irungo hilketa matxista salatzeko. Azpeitiko Udalak, berriz, ohar bidez azaldu du gaitzespena. 

Gaur arratsaldean, Itaiaren deiari erantzunez, dozenaka herritar bildu dira plazan Irunen izan den hilketa matxista salatzeko egin duten elkarretaratzean. Indarkeria matxista orori aurre egin! lelopean egin dute kontzentrazioa, eta beste behin, hildakoaren senide eta gertukoei babesa eta elkartasuna adierazteaz gainera, nazkatuta eta haserre daudela esan dute, eraso zein jarrera matxistak eguneroko ogi direlako eta, gainera, gizartean geroz eta errotuago eta normalizatuago daudelako.

Erasotzaileak ez babesteko ez ezik, horiek seinalatzeko deia egin diete herritarrei, eta baita indarkeria matxistaren kontrako borrokara batzeko ere. Aurki izango da Martxoaren 8a, eta gaur plazan esandakoaren arabera, matxismoaren aurkako indar erakustaldia egiteko egun aproposa izango da. 

Irungoa urtea hasi zenetik Euskal Herrian jazo den bigarren hilketa matxista izan da. 47 urteko gizon batek bere ama labankadaz larri zauritu zuen atzo, eta zauri horien ondorioz goizaldean hil da emakumea, ospitalean.

Gaur arratsaldean egin duten elkarretaratzea. (Itaia)

Udalaren gaitzespena

Azpeitiko Udalak, bere aldetik, ohar bidez adierazi du bere gaitzespena. Hark ere hildakoaren senitartekoei zein gertukoei elkartasuna adierazi die, eta hilketa salatzeko mugimendu feministak antolatu ditzakeen mobilizazioekin bat egiten du.

Urtea hasi zenetik Euskal Herrian izan den bigarren erailketa matxista eta 2003tik izan den 126.a izan dela gogora ekarri du erakundeak. Horren aurrean, giza eskubideen urraketarik ez duela onartuko esan du; ez Azpeitian eta ez beste inon ere. Gisa horretako urraketen aurrean modu aktiboan jokatzea herritarren ardura ere badela gogorarazi du, gainera.

Udalaren arabera, "emakumeen aurkako indarkeria egiturazko arazo bat da, emakumeak kontrolpean eta mendean izan nahi dituena". Erasoei aurre egiteko, ezinbestekotzat jo du gizonen eta emakumeen arteko berdintasun balioak sustatzea. "Horregatik, Azpeitiko Udalak, gainerako erakunde publikoekin batera, lanean jarraituko du, berdintasunaren oinarriak auzitan jartzen dituen arazo sozial larri honi irtenbidea bilatu beharra daukagulako denon artean. Eraso oro gaitzestea, indarkeriari aurre egiten dioten emakumeei babesa ematea, prebentzio eta sentsibilizazio lanean jarraitzea eta baliabideak bideratzea dagokigu ".

Bukatzeko, erasoren baten aurrean herritarrek honako telefono zenbakietara dei dezaketela gogorarazi du udalak:  

  • Gizarte Zerbitzuak: 943-15 71 92
  • Udaltzaingoa: 092 edo 943-15 13 13
  • Emakumeen Txokoa: 688 75 10 00
  • Ertzaintza: 112

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide