Irungo hilketa matxista salatzeko elkarretaratzeak egin dituzte Azkoitian eta Zestoan

Aitziber Arzallus 2025ko ots. 8a, 08:00

Atzo arratsaldean Zestoako plazan egin zuten elkarretaratzea. (Itaia)

Itaiak deituta, herenegun Azpeitian eta atzo Azkoitian eta Zestoan dozenaka lagun atera ziren kalera aste honetan Irunen izan den hilketa matxista gaitzestera. Zarautzen eta Zumaian, berriz, gaur eguerdirako deitu du mobilizatzera mugimendu feministak.  

Ostegun arratsaldean Azpeitian egin zuten bezala, atzo, ostirala, Azkoitian eta Zestoan elkarretaratzeak egin zituzten aste honetan Irunen izan den hilketa matxista gaitzesteko. Itaiak deituta egin zituzten atzoko zein herenegungo mobilizazioak, Indarkeria matxista orori aurre egin! eta Indarkeria matxistaren aurka borrokatu! aldarriak lelo hartuta, eta indarkeria matxistak bizirik jarraitzen duen bitartean behar diren mobilizazio guztiak egingo dituztela berretsi zuten batean zein bestean. "Argi eta garbi diogu: ez dugu utziko eraso bat bera ere erantzunik gabe, eta erasotzaile guztiek aurrean izango gaituzte".   

Irungoa urtea hasi zenetik Euskal Herrian jazo den bigarren hilketa matxista izan da. 47 urteko gizon batek bere ama labankadaz larri zauritu zuen ostegunean, eta zauri horien ondorioz, ostiral goizaldean hil zen emakumea, ospitalean.

Biktimaren familiakoei eta ingurukoei babesa eta elkartasuna helarazi ondotik, indarkeria matxistaren kontrako jarrera irmoa adierazi zuten Itaiako kideek. "Emakumeok egunerokotasunean sufritzen dugu indarkeria matxista, eta erailketak dira egiturazko biolentzia horren adibide muturrekoenak". Hori horrela izanik ere, matxismorik badenik ukatzen duten ahotsak geroz eta gehiago direla esan zuten, eta "diskurtso matxistak eta erreakzionarioak" oso azkar ari direla zabaltzen eta normalizatzen, bai instituzioetan, bai sare sozialetan, bai kalean.

Atzo arratsaldean Azkoitiko plazan egin zuten elkarretaratzea. (Aitziber Arzallus)

Egoera "benetan kezkagarria" dela iritzita, "urgentziaz" erantzuteko beharra azpimarratu zuten. "Aste honetan bertan Itaiak egindako agerraldian argi utzi dugun moduan, emakume langileok lehen lerroan egon behar dugu nabarmen areagotzen ari diren ideia eta jarrera erreakzionarioen eta matxisten aurkako borrokan; guk horretarako konpromiso osoa hartzen dugu". Egoera "oso gordina" dela adierazi zuten, eta horren aurreran, ezinbestekoa dela posizionatzea. "Emakume langileon zapalkuntza betikotzen jarraitu edo matxismoaren aurka borrokatzeko hautua egin".

Horiek horrela, matxismoaren kontrako borrokan norberak bere aletxoa jartzeko deia egin zieten herritarrei, Itaiak horretan jarraituko duela ziurtatuta. "Datozen asteetan, martxoaren 8ra bitartean, erasotzaileen inpunitatearen aurka, lan sektore feminizatuetako lan-baldintza eta eskubideen alde, zein emakumeok sexu objektu bihurtzen gaituen inposaturiko sexualitatearen aurka arituko gara lanean, kalean nahiz institutuetan, eta antolatuko ditugun ekimenetan parte hartzeko deia luzatzen dizuegu". 

Zarautzen eta Zumaian, gaur eguerdian

Zarautzen eta Zumaian, berriz, gaur eguerdian dira Irungo hilketa gaitzesteko mobilizazio bana egitekoak. Hain zuzen ere, Zarauzko Mugimendu Feministak eta Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak deituta, 12:30ean egingo dute bilkura Lege Zaharren Enparantzan; eta Zumaiako Mugimendu Feministak 13:00etan jarri du elkarretaratzeko hitzordua, Saregile plazan.

Zumaiako Udalak bat egin du deialdi horrekin, eta oharra ere kaleratu du hildako emakumearen familiakoei eta ingurukoei babesa adierazteko eta hilketa salatzeko. Indarkeria matxistaren aurrean herritar guztien inplikazioa eskatu du erakundeak: "Udalak argi utzi nahi du ez duela giza eskubideen urraketarik onartzen, ez Zumaian eta ez beste inon ere. Horren aurrean, herritar guztien inplikazioa eskatzen du; izan ere, herritarron ardura ere bada indarkeria ororen aurrean jarrera aktiboz jokatzea".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide