2025eko udal aurrekontuak ezohiko kopuruekin onartu dituzte Aizarnazabalen, Errezilen eta Beizaman. 1.100 biztanle baino gutxiago dituzten udalerriak izanik, Udal Foru Funtsetik orain arte jasotzen zutena baino dezentez diru gehiago jasoko dute aurten eskualdeko hiru herriotan, eta arnasa eman die horrek aurtengo kontuak eta proiektuak egiterakoan.
2024ko martxoan adostu zuten Udal Foru Funtsa egokitzea Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eudelek, 1.100 biztanle baino gutxiagoko herrien finantzaketa indartzeko, eta egokitze hori hasi berri den aurrekontuetan islatu da lehen aldiz. Hain zuzen ere, 1994tik indarrean zegoen araudia da eguneratu dutena. Araudi horren arabera, biztanleriaren arabera herri guztiek jasotzen duten kuotaz gain, 1.100 biztanle baino gutxiago dituzten udalei kopuru gehigarri bat esleitu izan zaie foru funtsetik. Kopuru gehigarri hori foru funtsaren %1,2 izatea adostu zuten; baina, urte hartan aldundiak izandako errekaudazioaren arabera kalkulatutako %1,2 hura kopuru finko gisa mantendu da harrezkero, 30 urtez. Orain, araudia eguneratuta, %1,2 kopuru aldakorra izatera igaroko da, berez zegokion gisa, urtero kalkulatuko dute, eta zati berdinetan banatuko dute 1.100 biztanletik beherako udalerrien artean. Eta, hasteko, behintzat, igoera nabarmena izan du herri txikiei bideratutako kopuru gehigarri horrek.
Aizarnazabalen, Errezilen eta Beizaman pozik hartu dute foru funtsaren ekarpena gizentzea. Mari Karmen Arregi Aizarnazabalgo alkateak dioenez, "herri txikietan ekarpen denak izaten dira ongietorriak, denen beharra izaten da eta". Inbertsioetarako ahalmenean igarriko dute hiru herrietan, batik bat, aurrekontuaren igoera aipagarria. Hiruetan, gainera, udaletxeetako eraikinak egokitzera bideratuko dute inbertsioen zati bat.
Aizarnazabal
Azaroaren 13an eta aho batez onartu zuten 2025erako aurrekontua Aizarnazabalgo Udalean. Aurten, kopuru biribila du hango udal aurrekontuak: 1.910.000 euro. 2024ko aurrekontuarekin alderatuta –1.854.000 euro–, 56.000 euro gehiago izango ditu erabilgarri udalak aurten.
Inbertsioei dagokienez, udaletxean igogailua jartzeko lanetara bideratuko dute zati aipagarri bat, eraikinean irisgarritasuna bermatzeko, eta plazan komun publikoak ere jarriko dituzte. Lanak laster hastea aurreikusten dute, eta horiek 500.000 euroko aurrekontua izango dute. Herriko plaza berritzeko proiektua idazten ari dira uneotan, eta hori izango da aurtengo proiektu nagusietakoa. Era berean, urtero bezala eta auzoz auzo egindako batzarretan jasotako eskaerari erantzunez, herri eta baserri bideak berritzeko partida ere inbertsio aipagarrienen zerrendan egongo da. Ildo beretik, 22.000 euro inguru bideratuko ditu udalak baserri lurren mugaketara.
Ingurumenarekin lotuta, eta iaz hasitako bideari jarraipena emanez, Urola ibaia garbi mantentzeko proiektuarekin jarraituko dute Aizarnazabalen, Txukun enpresarekin elkarlanean. Herri giroa sustatzeko kultur, festa eta aisia egitasmorik ere ez dute faltako, Jan Sano eta Bizi Pozik azoka, Sagardo Eguna edota herriko festak tartean direla.
Errezil
Errezilen ere "koska handia" antzeman dute diru kontuetan, foru funtsaren ekarpen eguneratua tarteko. Iaz baino 178.000 euro gehiago iritsi zaizkie guztira aldunditik, eta udal aurrekontua iazkoa baino %24 handiagoa izango da. 1.146.450 euroko aurrekontua abenduaren 5ean onartu zuten Errezilen, gehiengo osoa duen EH Bilduren udal gobernuaren aldeko botoekin eta oposizioko Errezilgintza taldeko bi zinegotzien abstentzioarekin.
Inbertsio eta proiektu nagusiei dagokienez, 2024ko aurrekontuetan jaso baino atzeratutako batzuek eta urte berrirako onartutakoek bat egingo dute 2025 honetan. Iaztik datozenen artean daude saneamendu sareko lanen lehen fasea eta eskolako eraikineko teilatuan eguzki plakak jartzea. Azken hori plan zabalago baten lehen zatia da, 2025eko aurrekontuetan jaso baitute frontoiko teilatuan ere eguzki plakak jartzea, 80.000 euroko inbertsioarekin; bi gune horietan sortuko den energia udal eraikinak eta zerbitzuak hornitzeko erabiliko du udalak.
Udalaren azpiegiturekin jarraituta, udaletxea berritzeko eta egokitzeko lanekin jarraituko dute 2025ean; 200.000 euro bideratuko dituzte eraikinean hainbat lan egitera, eta Bengoenea etxeko teilatua konpontzea ere aurreikusten dute. Baserri bideen konpontze eta mantentze lanek ere urteroko tartea izango dute inbertsioen atalean "105.000 euro". Edateko uraren hoditeriaren zati bat berritzeko baliatuko dituzte saneamendu sareko lanak, eta eskola ondoko lurren balizko erosketarako partida bat ere gorde du udalak.
Guztira, 423.250 euro bideratu dituzte inbertsioetara 2025eko udal aurrekontuan.
Beizama
Foru funtsetik, denera, 364.000 euro jasoko ditu aurten Beizamako Udalak, iaz baino 162.000 euro gehiago. Azaroaren 29ko osoko bilkuran onartu zuen udalak 2025erako aurrekontua: 486.967 euro, 2024an baino 172.000 gehiago.
Errezilen eta Aizarnazabalen baino are gehiago antzemango dute foru ekarpenaren igoera Beizaman inbertsioen atalean. Aipatu bi herrietan bezala, udaletxea berritzeko lanetara bideratuko dute zati aipagarri bat: iazko aurrekontuan teilatua berritzeko partida jaso bazuten –atzerapenarekin, orain ari dira lan horiek egiten–, aurtengoan igogailua jartzeko lanak hasteko partida aurreikusi dute; bigarren zatia 2026rako utziko dute.
Udaletxea ez ezik, plazako haur parkea ere berritu asmo dute aurten Beizaman, eta aterpetxeko berokuntza sistemara bideratu dute beste diru partida bat. Bestetik, Ibai Eder urtegia eta Beizama lotuko dituen oinezkoentzako bide bat egokitzeko pausoak ematea ere badago udalaren proiektuen artean.
Udal zerbitzuetan, berriz, berrikuntza garrantzitsua ezarriko dute Beizaman otsailetik aurrera. Orain arte asteartetik ostiralera, lau egunez, ematen izan dute zerbitzua udaletxean; datorren hiletik aurrera, ordea, astelehenetan ere irekita izango da udaletxea, eta aste osoan egingo du lan han administrariak.