Urrak irabazi du Iraetako Errota Harria txapelketa

Nerea Uranga 2025ko urt. 20a, 10:10

Iraetako Santa Ines jaien barruan, Errota Harria txapelketa eta Urrezko aizkora eta harri jasotze txapelketetako jardunaldiak jokatu dira Iraetako Txikito pilotalekuan. Errota Harria txapelketan berdinketa izan da Mikel Lopetegi Urraren eta Paulo Azpiazuren artean, eta harri jasotzaileen pisuak erabaki du txapela.

Asteburuan Santa Ines jaietan murgildu dira Iraetan. Atzo, igandea, kirol ekitaldiak izan zituzten nagusi, eguerdi partean pilota txapelketako finalak jokatu zituzten eta arratsaldean, berriz, herri kirol ekitaldiak izan ziren Iraetako Txikito pilotalekuan.

Errota Harria txapelketaz gainera, Urrezko aizkora eta harri jasotze txapelketetako jardunaldi bana jokatu zituzten atzo arratsaldean, 17:30ean hasita.

Lau harri jasotzailek parte hartu zuten Errota Harria txapelketan: Paulo Azpiazuk, Mikel Lopetegi Urrak, Beñat Telleriak eta Gari Garmendiak. Laurek 107,2 kiloko harriarekin jardun behar izan zuten lanean. Lan bikaina eginda, 32na aldiz jaso zuten harria Azpiazuk eta Urrak. Ondorioz, harri jasotzaileen pisuak erabaki zuen txapelduna. Izan ere, lanean hasi aurretik kirolariak pisatu zituzten, eta berdinketaren kasuan arinenak jasotzen du txapela. Atzokoan, Azpiazuk 108 kilo pisatu zituen eta Urrak 104 kilo; beraz, azken horrentzat izan zen aurtengo Errota Harriako txapela. Hirugarren Telleriak egin zuen 29 aldiz harria jasota eta laugarren Garmendiak 27 aldiz altxatuta.

Txapelketa horrez gainera, Emakumeen Urrezko Banakako Harri Jasotze Txapelketako kanporaketa jokatu zuten atzo Iraetan Maddi Gesalagak eta Goizeder Abendibarrek. 63 kiloko zilindroarekin, 63 kiloko kubikoarekin eta 50 kiloko bolaren egin behar izan zituzten lanak. Gesalagak 46 jasoaldi egin zituen, denera 2.664 kilo jasoz. Abendibarrek bost jasoaldi gutxiago egin zituen, guztira 2.375 kilo jasoz.

Aizkolarien saioa ere izan zen atzo Iraetan. 25. Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketako kanporaketa jokatu zuten Iker Vicentek eta Eneko Saralegik eta Ugaitz Mugertzak eta Ibai Soroak. Bost izaeratan egin behar izan zituzten lanak, eta lanak azkarren bukatzen Vicente eta Saralegi izan ziren, 17.39 denboran. Mugertzak eta Soroak ia minutu eta erdi gehiago behar izan zituzten lanak amaitzeko, 19.14.

Santainesak Iraetan, egitaraua:

  • Bihar, asteartea. Santa Ines eguna.
    • 11:00. Meza.
    • 14:00. Auzo bazkaria.

  • Urtarrilak 24, ostirala.
    • 22:30. XXXIV. Mus Txapelketa, Bekoetxen. Izen-ematea 22:00etan zabalduko dute.
  • Urtarrilak 25, larunbata.
    • 12:00. Itxaropena dantza taldearen emanaldia.
    • 13:00. Pintxo lehiaketa Gure Ordeka elkartean.
    • 14:00. Pintxo bazkaria Gure Ordeka elkartean.
    • 19:30. Triki-poteoa, frontoitik hasita, Manexekin eta Erkizirekin.
    • 21:00. Afari herrikoia: garagardo afaria. Saltxitxak eta txerri saiheskia, postrea eta garagardoa izango dira jan-edanerako.
    • 00:00. Laket taldearen erromeria.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide