Festa giroan murgilduta jarraitzen dute iraetarrek. Umeen egunarekin hasi zituzten Santa Ines jaiak atzo auzoan, eta gaur ere ez da ekitaldirik faltako han. Eguerdian, Iraetako Santa Ines Pilota Txapelketaren finaleko partidak jokatu dituzte frontoian. Emakumeetan, Araia Otaño eta Laia Gastiain bikoteak Uxue Loiola eta Amaiur Landa izan dituzte aurkari. Lehia estua jokatu dute, baina Otaño eta Gastiain 22 eta 15 nagusitu dira azkenean. Gizonetan, berriz, Kixkurra eta Adonis Mikel eta Arantzetaren aurka aritu dira. Partida osoan zehar Mikel eta Arantzeta izan dira nagusi, baina azkenean, Kixkurrak eta Adonisek aurrea hartu diete eta lehia 22 eta 17 irabaztea lortu dute.
Musika bandak lagunduta iritsi dira bi partidetako pilotariak frontoira, Goazen frontoira kalejiran. Pilotalekua osorik bete da, eta bertaratu diren askok ate ondotik jarraitu behar izan dituzte neurketak.
Arratsaldean ere ez da ikuskizunik faltako Iraetan, 17:30ean hasita Urrezko Aizkorako jardunaldia eta Errota Harri Txapelketa jokatuko baitituzte han.
Honakoa hemen arratsaldeko eta datorren asteko egitaraua:
- Gaur, igandea.
- 17:30. Urrezko Aizkorako jardunaldia eta Errota Harri Txapelketa.
- Urtarrilak 21, asteartea. Santa Ines eguna.
- 11:00. Meza.
- 14:00. Auzo bazkaria.
- Urtarrilak 24, ostirala.
- 22:30. XXXIV. Mus Txapelketa, Bekoetxen. Izen-ematea 22:00etan zabalduko dute.
- Urtarrilak 25, larunbata.
- 12:00. Itxaropena dantza taldearen emanaldia.
- 13:00. Pintxo lehiaketa Gure Ordeka elkartean.
- 14:00. Pintxo bazkaria Gure Ordeka elkartean.
- 19:30. Triki-poteoa, frontoitik hasita, Manexekin eta Erkizirekin.
- 21:00. Afari herrikoia: garagardo afaria. Saltxitxak eta txerri saiheskia, postrea eta garagardoa izango dira jan-edanerako.
- 00:00. Laket taldearen erromeria.