Urola Kostara iristear dira Erregeak

Aitziber Arzallus 2025ko urt. 5a, 10:34

Errege bat zaldi gainean, Zestoan. (Aitziber Arzallus)

Itsasontziz, trenez zein zaldiz iritsiko dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar Urola Kostara, eta eskualdeko herri ia guztietan egingo dituzte kabalkadak eta desfileak gaur arratsaldean. 

Eskualdera bidean dira Meltxor, Gaspar eta Baltasarrak, Urola Kostako ume guztientzat opariak gainean hartuta. Horiek banatzen hasi aurretik, ordea, ohiko kabalkadak eta desfileak egingo dituzte herriz herri; hona hemen ordutegiak eta bestelako xehetasunak: 

  • Aia: 19:00etan iritsiko dira herriko plazara. 
  • Aizarnazabal: 18:30ean udaletxera iritsiko dira, eta alkatearen agurra jaso ondoren, kabalkada egingo dute herrian barrena. 
  • Azkoitia: Kabalkada 19:30ean aterako da Santa Klaratik, eta ohiko ibilbidea egingo du. Meltxorrek, Gasparrek eta Baltasarrek zaldiz zeharkatuko dituzte Azkoitiko kaleak. Aurrez, 16:30etik 18:30era, haien laguntzaileak eliz atarian egongo dira haurren gutunak jasotzen. 
  • Azpeitia: Lasaotik txu-txu trenean etorrita, eta 17:15 aldera iritsiko dira parrokiara. Gero, 19:00etan igerilekutik abiatuta egingo dute kabalkada, eta 20:00 aldera iritsiko dira plazara.
  • Getaria: 18:00etan iritsiko dira Erregeak, eta herrian buelta bat eman ostean, plazan egingo dute geldialdia.
  • Orio: 18:00etan hasiko da desfilea, danborradaren laguntzarekin. Zubitik hasi eta Ibai Ondo eta Bikamiota zeharkatuko dituzte, Herriko Plazara heltzeko.
  • Zarautz: 18:30ean helduko dira, eta Bizkaia kaletik hasik dute ibilbidea, Santa Ana egoitzan bukatzeko.
  • Zestoa: 18:30ean iritsiko dira Akoatik barrena, eta aurten ibilbide berezia izango du kabalkadak; izan ere, Gisasola egoitzan geldialdia egingo du. Ondoren, elizara joango dira eta haurrek gutunak Erregeei emateko aukera izango dute. Aurrez, Arroabean izango dira Erregeak. Hain zuzen ere, 18:10ean helduko dira Olaeta kaleko autobus geltokira, eta auzoan bueltatxoa emango dute jarraian.
  • Zumaia: 18:30 aldera itsasontziz helduko dira Erregeak Zumaiara. Behin Itsas kiroldegiko pantalanean lehorreratu eta gero, karrozetara igoko dira eta handik ekingo diote kabalkadari.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide