Errege Magoen laguntzaileak eskualdera iristear dira azken eskutitzak jasotzera

Aitziber Arzallus 2025ko urt. 4a, 09:00

Bizarzuri Orion, duela urte batzuk. (Guka)

Bizarzuriren eta pajeen artean banatuko dituzte lanak datozen orduetan; bata ibiliko da herri batzuetan, eta besteak ibiliko dira besteetan. Azpeitian, Zarautzen, Zumaian eta Getarian gaur arratsaldean jasoko dituzte Erregeentzako gutunak; Aizarnazabalen, Orion eta Azkoitian, berriz, bihar.

Errege Magoak bihar arratsalde-iluntzean iritsiko dira Urola Kostara, baina ohiko legez, haien laguntzaileak lehenxeago etorriko dira haurrekin egotera eta azken gutunak jasotzera. Herri batzuetan pajeak ariko dira horretan, eta Bizarzuri ibiliko da beste batzuetan; gaur toki batzuetan, bihar besteetan. 

Zarautzera gaur arratsaldean bertan iritsiko da Bizarzuri; 17:00etatik aurrera Lege Zaharraren enparantzan egongo da berarekin egon nahi duten umeen zain. Azpeitiko haurrek, berriz, Errege Magoen pajeen bisita izango dute; 17:30etik aurrera udaletxeko arkupeetan egongo dira azken eskutitzak jasotzen, eta nahi dutenek haiekin argazkia ateratzeko aukera ere izango dute. Zumaian ere pajeek gaur arratsaldean jasoko dituzte Erregeentzako gutunak, 18:00etatik aurrera, Eusebio Gurrutxaga plazan. Eta Getarian, Bizarzurik egingo ditu lan horiek; 18:30ean iritsiko da herrira, eta Kale Nagusitik eta Elkano kaletik barrena bueltatxo bat eman eta gero, plazan egingo du geldialdia.

Gainontzeko herrietan bihar arte itxaron beharko dute Errege Magoen laguntzaileekin aurrez aurre hitz egin nahi duten umeek. Aizarnazabalen, 10:00etatik aurrera udaletxeko arkupeetara joan beharko dute horretara; Oriora 10:30ean iritsiko da Bizarzuri eta kalez kale ibiliko da gutunak biltzen; eta Azkoitian, arratsaldean izango dute aukera, 16:30etik 18:30era bitartean eliz atarian egongo baitira Erregeen pajeak. 

Behin eskualdeko umeen eskutitz guztiak bilduta eta haien eskaera guztiak entzunda, Bizarzurik eta pajeek beren lanetara alde egingo dute, ordurako Errege Magoak iristear izango direlako. Itsasoz, trenez, zaldiz, furgonetaz... auskalo aurtengoan zer-nola etorriko diren Urola Kostako herrietara; bihar arratsalde-iluntzerako, baina, hemen izango dira hutsik egin gabe. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide